Urretxun eta Zumarragan ere inauteriak ospatzen ari dira. Atzo, Ostegun Gizen egunean, ogitartekoak eta laranjak banatu zituzten ikastetxeetan. Gaur ikastetxeen festak egingo dituzte. Gainzuriren festa kiroldegian izango da. Urretxu-Zumarraga ikastolak eta La Salle-Legazpik, eguraldiak uzten badu, desfileak egingo dituzte. 16.30etik 19.30era, berriz, DJ festa egingo dute Zumarragako Trintxerako karpan.

Bihar makina bat ekitaldi egongo da. 9.00etan Lurra dantza taldekoak Iparragirre plazan elkartuko dira eta Urretxuko baserrietara joango dira herri inauteria egitera (Tuterako polka dantzatuko dute), 11.30ean Iparragirre Balerdi bandak kalejira egingo du Urretxuko kaleetan, 12.30etik 14.30era txaranga batek bi herrietako kaleetan joko du, 17.00etan musika eskolako ikasleek desfilea egingo dute eta 18.00etan DJ festa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Igandean, 9.00etan, Lizarriturri txistulari taldeak inauterietako kalejira egingo du.