Zumarragako Udalak Zuekin Azoka bonu kanpainaren bosgarren edizioa jarri du abian. 10 euroren truke 20 euroko erosketa egin ahal izango da. Bonuak gaur jarriko dira salgai. Gaur eta bihar kultur etxean erosi ahal izango dira (9.30etik 14.30era) eta larunbatean azokan bertan. Pertsona bakoitzak bonu bat eros dezake. Adinez nagusia izan behar da eta NANa erakutsi. Larunbat honetako azokan hasi ahal izango da bonuak erabiltzen. Bonuak erabiltzeko azken eguna martxoaren 24a izango da.

Bonuek 20 euroko balioa dute, baina erosleek 10 euro bakarrik ordaindu behar dute. Beste 10 euroak udalak jartzen ditu. 20 euroko bonuak 5 euroko lau txarteletan zatituta emango dira, erabilera errazteko. Erosketaren zenbatekoa gutxienez bost eurokoa izan beharko da.

Azokarekin lotuta, Udalak baserritarren gunea jada irekita dagoela jakinarazi du. Igandetik ostegunera eta larunbat arratsaldeetan irekiko da. Ostiraletan itxita egongo da larunbateko azokako postuak jartzeko. Apiriletik urrira igandetik ostegunera 8.00etatik 21.00etara irekiko da (eta larunbat arratsaldeetan 21.00ak arte) eta azarotik martxora 8.00etatik 20.00etara irekiko da (eta larunbat arratsaldeetan 20.00ak arte).