Urretxuko arte tailerreko 2024ko egitaraua aurkeztu dute Maialen Fidalgo zinegotziak eta Josu Maroto dinamizatzaileak. Aitor Etxeberria margolariaren eskolez gain, Marotok zuzendutako giza irudi eta akuarela tailerrak eta erakusketak antolatu dituzte. Etxeberriaren eskolak kultur etxean izango dira, giza irudi eta akuarela tailerrak Labeaga aretoan eta erakusketak Juan de Lizarazu aretoan.

Etxeberriaren arte tailerrak asteazkenetan izaten dira, 18.30etik 20.30era, kultur etxeko azken solairuan. Fidalgok nahi duten guztiek parte har dezaketela gogoratu du: ezagutzak dituztenek eta baita mundu horretan murgildu nahi dutenek ere. Parte hartu nahi dutenek kultur etxean bertan edo 943 03 80 88 zenbakira deituta eman behar dute izena. Hileko kuota 15 eurokoa da.

Marotok berak zuzentzen dituen giza irudi eta akuarela tailerrei buruz hitz egin du. Giza irudiari dagokionez, aurten zazpi tailer egingo dituzte: otsailaren 6an, martxoaren 5ean, apirilaren 9an, irailaren 10ean, urriaren 8an, azaroaren 5ean eta abenduaren 17an.

Akuarela tailerrak, berriz, martxoaren 15ean eta 17an, irailaren 23an eta azaroaren 21ean izango dira. Lehen biak Mendok emango ditu eta azken biak Jorge Lopezek.

Gainera, bi jardunaldi berezi antolatu dituzte. Maiatzaren 11n giza irudi maratoi bat egingo dute Marotorekin: 10.00etatik 18.00etara. Ekainaren 1ean, berriz, aire zabaleko pintura saio bat egingo dute Mendorekin. 9.00etan hasiko da eta 14.00etan amaitu.

Saio bakoitzak hamar euroko prezioa izango du, baina hiru saio edo gehiagotan izena ematen dutenek %25eko deskontua izango dute.

Horretaz gain, zazpi erakusketa antolatu dituzte. Martxoaren 8tik 24ra, Eli Mendia artista urretxuarraren akuarelak ikusi ahal izango dira. Apirilaren 12tik 18ra Edu Arrillaga eta Esmeralda Zapparoli argazkilarien lanak egongo dira ikusgai eta maiatzaren 10etik 26ra Urretxu eta Zumarragako Argazkia elkarteko kideen lanak. Ekainaren 7tik 23ra, berriz, Esteban Orozen akuarelak egongo dira ikusgai.

Hurrengo bi erakusketak udazkenean izango dira: urriaren 4tik 13ra Urretxu eta Zumarragako pintura lehiaketara aurkeztutako lanak erakutsiko dituzte eta azaroaren 15etik abenduaren 1era Vicente Iriondok egindako margolanak. 2025eko urtarrilean Gainzuriko ikasleek egutegirako egindako eskulanak erakutsiko dituzte.