Beste urte batez, Kulturazek kudeatzen duen Dinamoa sormen gunean egonaldiak gauzatzeko aukera izango da. Urtarrilak 28ra arte zabaldu da izena emateko epea eta hilaren 31an jakinaraziko da aukeratuak zein diren.

Esku artean sormen proiektu bat duen sortzaile orori irekia dagoen deialdia da hau. Edozein arte-diziplinatara irekia, bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu bat eskaini nahi dionarentzat. Prozesuaren edozein fasetan egonik ere denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea da deialdi honen asmoa.

Hiru egonaldi mota jartzen dituzte aukeran beraien proiektuak sormen gunean landu nahi dituzten horientzat: #harri (osoa), #orri (sinplea) eta #ar (antzerkia). 2024ko lehen deialdi honetan parte hartzeko izen-ematea urtarrilaren 28ra arte izango da zabalik eta aukeratuak izan direnen berri urtarrilaren 31an jakinaraziko da.

Egonaldiak otsailaren hasieratik uztailaren amaierara gauzatuko dira Azpeitiko Dinamoa sormen gunean bertan, espazio honetan dauden eremu anitzak erabili ahalko dituztelarik egonaldian daudenek.