Erostarbek Euskaldunon Egunkarian, Eguneron eta Berrian lan egin du 1999az geroztik, batez ere kultura kazetaritzan espezializatu da. Egun, Badok.eus musika ataria koordinatzen du. Euskadi Irratian, Entzun, Argia, Bertsolari eta Jakin aldizkarietan kolaborazioatzeaz gain, Kalegorrian kultur elkarteko kidea da.
Nolatan suertatu da egitasmo hau?
Proposamena jaso nuen garaian musika zutabeak idazten nituen Berria egunkarian. Nire zutabeetan ez da trikitixa asko azaldu, baina bakarren batean Egañazpi aipatu izan dut. Bere kantaera gustukoa izan dut. Haurtzaroan trikitixa jaso nuen etxean, baina gero baztertu egin nuen. Enkargua polita iruditu zitzaidan. 2020an hasi nintzen, baina aitona-amona dezente elkarrizketatu behar nituenez, egitasmoa geldituta egon zen.
Zer diozu liburuari buruz?
Liburuaren ardatza Egañazpiren bizitza da, modu kronologikoan kontatua. Bere ingurunera hurbiltzen saiatu naiz eta bidaia dezente egin ditut Urolan behera, trikitiaren terrenora. Santa Engrazi ermitaren azpian dagoen Aizarnako Egañazpi baserrian jaio zen, 1920an. Baserrian egon naiz. Bertan, bere iloba bat bizi da. Garai hartan ingurune hori eta trikiti giroa nolakoa izango zen irudikatzen saiatu naiz. Izan ere, hura izan da trikitiaren bihotza. Oihartzuna izan zuen eta diskoak atera zituen lehen trikiti bikotea Zumarragako Trikitixa izan zen, baina trikitixa baserriz baserri Urola Erdira iritsi zen eta han oso ondo egonkortu zen. Hango trikitixa baserri auzoetako erromerietako musika izan da eta Zumarragakoa herrigunekoa.
Egañazpik Sakabirekin jotzen zuen. Nolako harremana zuten Zumarragako trikitixarekin?
Bigarren Mundu Gerra ostean Zumarragako Trikitixa eta Sakabi eta Egañazpi ziren trikitilari ospetsuenak. Beraiek bakarrik ateratzen zituzten diskoak. Beraien arteko pikea zegoela esan izan da, baina Migel Urteagak pikerik ez zutela esan dit. Oso zirkuitu ezberdinak zituztela eta oso ondo konpontzen zirela. Zumarragako Trikitixak trenbideko herrietan jotzen zuen batik bat eta Sakabik eta Egañazpik Urola inguruko auzo eta baserrietan. 1963an Suediako telebistak Euskal Herriari buruzko dokumental bat egin zuen eta Zumarragako Trikitixa Euxebio tabernan grabatu zuen eta Sakabi eta Egañazpi, berriz, Aiako erromeria batean grabatu zituen.
Zenbat jende elkarrizketatu duzu?
Migel Urteaga Oria, Ramon Zubizarreta Landakanda, Mailu Sudupe Egurrola, Martin Aginagalde eta Luis Astiasaran. Landakanda historikoetako bat da. 2021ean, 88 urte zituenean, berarekin egoteko aukera izan nuen. Sasoiko zegoen eta asko gogoratzen zuen Egañazpi. Handik gutxira hil egin zen. Seguru aski, bere azken elkarrizketa izango da. Suduperi dagokionez, hamahiru urte zituenean Sakabi eta Egañazpiri Usurbilen egin zitzaien omenaldian parte hartu zuen. Ondorengo 50 urteetan ez zen plazara atera, emakumeek zailago zutelako. Duela bi urte, San Jose egunean Azpeitian egiten den jaialdian, omenaldia egin zioten.
Zer esan dizute?
Elkarrizketatu guztiek Egañazpiren ahotsa azpimarratu dute. Belarri izugarria zuen. Ikasi gabekoa zen, baina notak segituan harrapatzen zituen eta edozein gauza abestu zezakeen. Sakabi eta Egañazpi aitzindariak izan ziren horretan. Fandangoaz, arin arinaz eta porrusaldaz gain, kantatzeko egokiak ziren gainontzeko kantak abesten zituzten: pasodobleak, balsak… Joxe Mari Iriondok Egañazpik bertso luzeak kopla motzak baino nahiago zituela aipatzen du, luzitzeko egokiagoak baitziren. Baxutik abesten zuen batez ere, baina diskoetan baxua eta altua berak abesten zuen. Ahalmen izugarria zuen. Eta trikitian ohikoa ez zen malenkonia. Trikitian altu abesten zuten eta berak ez.
Itoiz taldeko Juan Carlos Perezekin ere hitz egin duzu.
Atlantic river diskoko abesti batean Egañazpi aipatzen du: “Ezink esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen…”. Egañazpiren kantak ezagutzen nituen, baina ez nekien zein zen. Juan Carlos Perez entzun nuenean jarri nuen arreta lehenengoz. Perezek 1970eko hamarkadan pop eta rock talde angloak gustatzen zitzaizkiola, baina Egañazpiren ahotsak arreta deitzen ziola esan zidan. Trikitixarekin lotzen ez zuen ahots bat zuela. “Ezink esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen…” Van Morrisonen disko batetik atera zuen. Morrisonek Frank Sinatragatik esan zuen.
Sakabi trikitilariak jotzeari utzi zionean, beste batzuekin jo zuen.
Belaunaldi gazteagoekin ibili zen. Lajarekin, Zendoiarekin eta Astiasaranekin jo zuen. Astiasaran bera baino askoz ere gazteagoa zen. Berarekin izan zuen harremana oso polita izan zen. Apopilotzat hartu zuen. Azken urteak berarekin ibili zen. 2006an hil zen. Bukaera tristea izan zuen. Bera eta emaztea Jehovaren lekukoak egin ziren eta horrek trikitia pixkanaka alboratzea ekarri zuen, Jehovaren lekukoek ez baitute festarik ospatzen. Zestoako kultur etxeko azken agurrean ez zieten lagunei trikitixa jotzen utzi. Azkeneko piezak 1994an grabatu zituen, bere iloba Martin Aginagalderekin. Polita izan zen, 15 urtez haserre egon baitziren.