Mutrikuko Udaleko Garapen Ekonomikorako sailak bi bizikleta elektriko zozketatu ditu herriko merkataritzari laguntzeko Entxufatu Herriko Komertziora programaren barruan: Orbea Keram 30 bizikletaren zozketan zenbaki saritua, 47.578 (ordezkoa 23.844); Orbea Optima E50 bizikletaren zozketan saritua, 05.023 (ordezkoa 40.710). Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira, erosketa tiketarekin batera. Aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, atzotik hasita.

Kanpainara atxikitako saltokietan gutxienez hamar euroko erosketa egitean, merkatariek boletoak banatu dituzte bizikleta elektrikoen zozketan parte hartzeko. Udala parte hartu duten establezimenduekin bildu nahi da, euren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko, baina lehen datuak ikusita baikor egoteko arrazoiak daudela aurreratu du. “48 establezimenduk parte hartu dute, inprimatu ziren boletoen ia %90a banatu da, kanpainak herritarrengan izandako oihartzuna handia izan da eta antolaketarako Udala eta establezimenduen arteko elkarlana eta koordinaketa ona izan da. Guztira 60.000 boleto atera ziren, pasa den urtean baino gutxiago, kanpainaren iraupena laburragoa izan baita. Datu ekonomikoei erreparatuta, honek esan nahi du gabonetako kanpainaren baitan Mutrikun, gutxienez, 524.690 euroko gastua egin dela herrian”, adierazi zuten Mutrikuko Udaletik.