Indamendi elkartekoak Gorostiagara joango dira igandean Zumaiatik. Autobusa beti bezala Patxita Etxezarretatik irtengo da (Kantauri plazako geltokitik) goizeko 7.30ean. Indamendi elkartearen webgunean (www.indamendimb.eus) edota goiko estankoan (943 860 357) eman daiteke izena. Autobusaren prezioa helduentzat zazpi eurokoa izango da eta haurrentzat bost eurokoa izango da.

Urteko lehen irteeran Legazpitik abiatuko dira eta Deskargarako bidea egingo dute, Satuiko mendilerroan barrena, Gorostiaga eta Arrola tontorrak igoz. Satuiko mendiek Deba eta Urola ibaien arroak banatzen dituzte erdiko ibilguetan. Hegoalderantz, Oñatiko harana geratzen da eta Udana gainaren bidez Legazpirekin komunikatzen du, Aizkorriko mendigunearekin lotuz. Iparraldean, berriz, Antzuolako harana zabaltzen da, Zumarragarekin komunikatuta. Gorostiaga mendia da gailurra.