Parkea haurrak elkar jolasten ikusteko espazio garrantzitsua denez, Lezoko Udalak duela bi hilabete parke-sarea eraberritzeko azterketari hasiera eman zion. Proiektuaren bidez gaur egun udalerrian diren parkeen egoera aztertzeaz gain, beste zenbait espazio naturalen azterketa ere egiten da. Herriarentzat aisialdirako eremu interesgarriak izan daietezke. Ondorengoak dira espazio natural horiek: Pysbeko baratz ingurunea, Xoxolur eremua eta Zubitxo errekaren eremua.

Lanean hasteko, Udala Oinherrirekin (herri hezitzaileen sarea sustatzen duen elkartearekin) jarri zen harremanetan eta beraien bidez Hiritik At! kooperatibara iritsi zen. “Beraiengana jo genuen parke eta aisialdi eremuen azterketa parte-hartzaile bat egin nahi genuela esanez. Izan ere, erabiltzaile izango direnekin partekatzea azterketa eta beraiek izatea protagonista ezinbestekoa iruditzen baitzaigu”, azaldu zuen Iker Salaberriak, Komunikazio zinegotziak, proiektuaren aurkezpenean.

Izan ere, Hiritik At kooperatibak herri hezitzaileak antolatu eta planifikatu egiten ditu. Horiek sortzeko beharra jarri zuen mahai gainean bertako teknikaria den Ainhoa Retegik: “Azken finean, haur batentzat egokia den herri bat planifikatzen badugu, hein handi batean guztien-tzat egokia den herria planifikatzen ari gara, atsegina eta erabilgarria den herri bat sortuz”.

Gaineratu zuenez, haurren sozializatzeko lehen tokia eskola izaten da eta ondoren parkeak: “Berebiziko garrantzia eta eragina du espazioak eta hura nola diseinatua dagoen haurren artean emango diren harremanetan eta sozializa-tzeko moduetan”. “Jolasa modu batekoa edo bestekoa izango da baldin espazioa nolakoa den. Autonomia garatzeko espazioaren diseinuaren arabera ezberdina izango da. Goazen beraz irizpide hauei, denei, tokia egitera, eta haurrei ahotsa ematera, beraiek direlako espazio horietako protagonistak”, azpimarratu zuen.

Proiektu honek hainbat fase ditu eta oraingoz lehenengo pausoan daude. Azken bi hilabeteetan aurre lanketan ardaztu dira. Espazioak ezagutu eta behaketak egin dira espazio bakoitzaren erabilera zein den ikusteko eta dokumentazioa jaso da. Bilerak ere egin dira parte-hartze prozesuan ariko diren udal langile, zinegotzi eta eragile ezberdinekin.

Bigarren fasean diagnostikoaren txanda helduko da. Retegik azaldu zuenaren arabera, “hemen ahotsa emango diegu haurrei. Diagnostikoaren helburua izango da parkeen erabilera ezagutzea eta orohar haurrek zein behar dituzten. Horretarako haurrekin lanketa egingo da ikastetxe eta ludotekaren bidez”. Haur ahalik gehienengana heltzea da helburua (hiru eta hamabi urte artekoak izango dira). Haurrekin bilerak hilabete honen bukaeran hasiko direla aurreikusten da.

Bigarren fase honetan ere, zaintza komunitatearen ahotsa jaso nahi da, eta online galdetegi bat betetzeko aukera zabalduko da horri begira, horien ekarpena eta iritzia jasotzeko. Diagnosiaren fasea itxiko da orduan.

Behin informazio hori guztia jasota, guztien artean pentsatuko da espazio bakoitzari zein izaera eman nahi zaion, “beti ere herri hezitzaileen ikuspegitik” esan zuen Retegik. Horretarako ibilbide sortzaileak antolatuko dira herrian barrena haurrekin, proposamenak osatzeko.

Bulego lana helduko da ondoren, txostena osatzeko: “Horrek ekintza plana emango digu. Orain hasita, udaberrian amaitzea aurreikusi dugu, martxoa-apirila arte arituko gara lanean” amaitu zuen Hiritik At kooperatibako langileak.

Honen harira, Iker Salaberriak aipatu zuenez, “gonbidapena zabaltzen dugu prozesu honetan parte hartu nahi duen orok bat egin dezan prozesuarekin. Guztientzako prozesu interesgarria izango dela uste dugu, eta espero dugu emaitza polita izango dela. Aurrera begira aldaketak ekartzeko oinarri inportantea izango da”.

Zinegotziaren hitzetan, “EH Bilduk herri programa lantzeko unean parkeena landu beharreko gai gisa jo genuen. Horretarako hitzaldiak antolatu genituen gaiaren inguruan, eta orain Gobernuan gaudela, konpromiso horri erantzungo diogu parkeen egoera aztertuz”.

Hainbat gurasoen kezka ere jaso dugu parkeen inguruan, eta argi dugu landu beharreko gaia dela, bai parkeen mantenuaren zein diseinuaren gainean gogoeta egiteko”, gaineratu zuen.

Hortaz, proiektua agintaldiko ekintza izango da. Azterlana egin ondoren marraztuko da aurrera begirako bide-orria, eta bertan zehaztuko dira hurrengo urratsak zein horiek gauzatzeko egin beharreko inbertsioak.