Usurbil Usurbilgo Udalak jakin ahal izan duenez, aurreikusi baino beranduago bada ere, 2024 hasieran hasiko dituzte Internet konexio azkarra landa eremuko baserri guztietara helarazteko lanak.

Gogorazi dutenez, aurreko legealdi hasieran, 2020ko urtarrilean, Gipuzkoako Foru Aldundiak banda zabala landa eremuko baserri guztietara zabaltzeko asmoaren berri eman zuen eta lankidetza eskaera egin zien Udalei. Usurbilgo Udalak baiezkoa eman zion eskaera hari, orduan iragarri zuenez.

Udalak gabeziak nabaritu zituen Aldundiak landutako lehen mapan. Hortaz, Udala berehala hasi zen baserrietan bizi diren herritarrekin hartu-emanetan, eta ondorioztatu zuen 75 direla azpiegitura falta duten etxebizitza eta baserriak.

Webgune batean jasota dago baserri bakoitzean banda zabalaren egoera zein den, eta, banda zabala izateko azpiegiturarik ez badute, noizko izango duten adierazten du. Horren arabera, Usurbilgo zenbait baserrik 2023ko abendurako izan beharko lukete; beste zenbaitek, berriz, urtebete geroago.

Lanak hasi gabe izanik epemuga iristen ari zela konturatuta, berriki Udala harremanetan jarri da lanen hasiera dataz galdetzeko eta presioa egiteko. Hala jakin berri du datorren urte hasieran hasiko dituztela lanak. “Ea urte berriak albiste onak ekar-tzen dizkigun!”, adierazi du Agur-tzane Solaberrieta Mesa alkateak Udalberri aldizkarian. Nabarmendu duenez, instalatzaileak etortzen direnean, udal agintariek, baserri guztietara joateko asmoa dute, azpiegitura baserri guztietara ailegatuko dela bermatzeko.