Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak aste honetan Larraulgo Larrola baserrian eginiko agerraldian azaldu zutenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi euro bideratuko ditu, guztira, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) jotako Gipuzkoako abeltzaintzaren sektorerako aparteko laguntzetara”. Hasiera batean, urrian, 400.000 euroko diru-laguntza aurreikusita zegoen arren, “eskaerek nabarmen” gora egin dutela azaldu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak aste honetako agerraldian. Hori dela eta, Diputatuen Kontseiluak 710.000 euroko gastu gehigarria onartu duela baieztatu zuen.

Jon Tejeriak eta Eider Arozenak kudeatzen dute Larraulgo Larrola baserriko esne behien ustiategia eta, aste honetako agerraldian baieztatu zutenez, GHE-ren kalteak jasan dituzte euren ustiategian. Hain zuzen, lau behi eta txahal bat hil zaizkie eta, azaldu dutenez, gutxi gorabehera, haien ganadu buruen erdiak pasa du gaixotasuna. Gipuzkoan, guztira, 900 ustiategik baino gehiagok jasan dituzte kalteak: 600 abelburu baino gehiago hil dira, eta 3.000 baino gehiagok pasa dute gaixotasuna. Mendoza diputatu nagusiaren esanetan, “diru-lagun-tzen deialdiak bi konpentsazio lerro nagusi” izango ditu. Lehenengoa, animalien heriotza konpentsatzeko; eta, bigarrena, behin gaixotasuna gaindituta, haien ekoizpen eta ugalketa egoeran izandako ondorioengatik konpentsatzeko. Joan den urriaren 24an onartu zituen lagun-tzak Diputatuen Kontseiluak, eta azaroaren 27an amaitu zen eskaerak aurkezteko epea.

Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, “egoera larrietan erabaki garrantzitsuak” hartzea ezinbestekoa da, eta “Gipuzkoarentzat eta ekonomiarentzat, paisaiarentzat eta orekarentzat funtsezkoa den jarduera hau babesteko helburuarekin” hartutako erabakia dela nabarmendu zuen agerraldian. Xabier Arruti diputatuak berriz, “abeltzaintzak orain artean zituen erronka handiez gain, gaixotasun honek are gehiago zailtzen du egoera”. Hala ere, etorkizunean “konfiantza” duela ere adierazi nahi izan zuen. Irailean jarraipen mahai bat sortu zuten, eta hura osatu dute Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko ordezkariek eta Abelur, Lurgintza, ENBA, EHNE, Blonda, Terreña, Limousin, GIFE, Gitxegi eta Abere albaitariak elkarteetako ordezkariek.