Gabonetarako antolatu dituen ekintzak aurkeztu ditu Bi-Tartean merkatari elkarteak. Berrikuntza esanguratsuena aurtengo tonbola da. Areizaga-Kalebarren plazan muntatu dute eta gainontzeko ekitaldiak ere bertan egingo dituzte.

Ostiral Magikoak antolatu dituzte eta lehenengoa gaur izango da. 17.00etan tonbola irekiko da eta 17.30etik aurrera herritarrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Argazkilari bat egongo da eta hurrengo egunetan argazkiak dendetan banatuko dira eta jendeak berea topatu beharko du etxera eraman ahal izateko. Argazkia ateratzen dutenen artean txokolatea eta txurroak hartzeko tiketak banatuko dira.

Tonbolan sari asko banatuko dituzte. Boletoak kanpainara atxikitako dendetan banatuko dituzte, erosketak egiten dituztenen artean. Tonbola urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 17.00etatik 20.00etara eta larunbatetan goiz eta arratsaldez.

Bigarren Ostiral Magikoa hilaren 22an izango da. 20.00etan Olentzero eta Mari Domingiren zaku magikoko zozketa egingo da: 50 euroko hamar erosketa bale zozkatuko dira egunean bertan zakuan txartelak sartu dituztenen artean. Gainera, gaztainak jateko aukera egongo da. Zozketarako txartelak abenduaren 22ra arte banatuko dira atxikitako dendetan erosketak egiten dituztenen artean. Txartelak zenbakituta egongo dira. Zakuan uzten dena eta abenduaren 22an norberak daramana bat etorri behar dira saria jaso ahal izateko. 50 euroko erosketa baleak abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira.

Azkeneko Ostiral Magikoa abenduaren 29an izango da. Haurrentzako atrakzioak egongo dira, 17.00etatik 20.00etara.