Joan den astean, Ekhi tokiko moneta erabiltzen duten Hernaniko komertzioak eta erabiltzaileak batzartu ziren. Ekhilurrek 2023ko emaitzak eta datu ekonomikoen berri eman zuen saio irekian, baita 2024rako egitaraua azaldu ere. Aurkeztutako datuez gain, herriko zortzi elkarte elkartasun-funtsaren onuradun izan direla aipatu zen.

Gogorazi zutenez, ekhi monetak, ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, herriko elkarteak ere lagun-tzen ditu. Izan ere, ekhi erabiltzen duten herritarrek beren hilabeteko batez besteko saldoaren %0,5 dohaintzan ematen dute.

Aurten, 1.880 ekhi metatu dituzte herriko elkarteentzat. Hernaniko zortzi elkartek jasoko dute kopuru hori. Ekhilur kooperatibako bazkideek erabaki zuten elkarte bakoi-tzak jaso beharreko diru-kopurua, bozketa bidez.

Hauek izango dira ekarpena jasoko duten elkarteak: Berriak, Hernaniko merkatarien eta ostalarien elkartea; AMHER-SOS Arrazakeria; Dobera euskara elkartea; Koxka, desgaitasun fisikoa duten Hernaniko elkartea; Karabeleko, buru gaitza duten pertsonek garaturiko etxalde agroekologiko esperimentala; Sagarreta, natura elkartea; eta Bidea, burujabetzen aldeko herritarren elkartea.

Hernaniko Udalak, sistema susta-tzeko, proba gisa ekhi monetarekin erosketak egiten zituzten herritarrei %10eko hobaria eman die aurten. 200.000 euro bideratu ditu hobarietara. Udalak “inbertsio” gisa uler-tzen du egindako lana. Proba urtea pasatu ondoren, 2024an egitasmoa fase berri batera pasako dela aurreratu zuten.

Honenbestez, establezimenduak izango dira hobariak eskainiko dituztenak eta Udalak hobari horiek “osatu” egingo ditu. Geroz eta hobari handiago eskaini saltokiak, Udalaren ekarpena ere handiagoa izango da. Hala, %1eko hobaria eskain-tzen duten saltokien kasuan, Udalak %4 osatuko du, herritarrek %5eko hobaria jasoko luketelarik.