Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren barruan, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko Appa Hi! aplikazioa martxan jarri zuen 2021ean Badihardugu Euskara Elkarteak, CodeSyntax enpresaren garapenaren laguntzarekin. Orain, bertsio berria aurkeztu dute Leintz bailarako udalen laguntzari esker: Arrasatekoa, Aretxabaletakoa, Eskoriatzakoa eta Leintz Gatzagakoa.

Oñatin ez bezala, hikaren egoera ez da hain ona Leintz ibarrean. Nagusienen artean bizirik dagoen arren, belaunaldi gazteetan gero eta gutxiago entzuten da, batez ere nesken artean. Beraz, Appa Hi! aplikazioaren helburu nagusia herritarrei, elkarteei eta erakundeei hitanoa berrindartzeko beste tresna bat eskaintzea da.

Arrasateko teknikari eta udal euskaltegiko irakasle den Amaia Aranaren esanetan, hitanoa komunikaziorako dagoen baliabide bat da. “Lehengo euskaldunek hika hitz egiten zuten elkarri, baina azken urteetan alde batera utzi dugu, eta zuka tratamendua zabaldu da. Transmisio falta izan dugu”, azpimarratu zuen aurkezpenean. Hitanoaren barruan bi hizkera edo tratamendu bereizi zituen Aranak: toka (gizonezkoei zuzentzeko erabiltzen dena) eta noka (emakumezkoei). “Azken hau egoera okerragoan dago, hainbat arrazoiengatik: noka hizkera zakartzat jo izan delako, gizonen eta baserritarren hizkeratzat”, aipatu zuen Aranak.

Bost asteko ikastaroa

2022an euskara batuko hika praktikatzeko edukia erantsi zioten proiektuari. Ondoren Eibarrera hedatu zuten egitasmoa eta orain, bertsio berrian, Leintz bailarako herri bakoitzera egokitu dute. “Aplikazioaren helburua hitanoaren oinarria ikastea eta barneratzea da, baina betiere modu errazean eta alderdi ludikotik abiatuta”, nabarmendu zuen Badihardugu Elkarteko kide den Aintzane Agirrebeñak. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

Bost asteko ikastaroa proposatzen da. “Egun bakoitzean pilula bat ireki-tzen da, eta ikasi beharrekoaren azalpenak eta adibideak dakartza, ondoren galderak erantzun ahal izateko. Galdetegiak bete eta gainditu behar dira, hurrengo pilula zabaltzeko. Gainera, aste amaieran ikasitakoa laburbiltzen duen galdetegi bat ere eran-tzun beharko da mailaz pasatzeko. Bakoitzak bere erritmora egin dezake”, zehaztu zuen Agirrebeñak.

Elkarrizketa eta bideo batzuk ere erabiltzen dira herritarrei hitanoa hurbiltzeko. Aplikazioa hobetzen joango da, lagungarri izango diren azalpenak gehituz.