Atzo goizean Urretxuko harrera eskolako diplomak banatu zituzten. Harrera eskola Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun mahaiak antolatzen du, herrira iritsi berri direnei herriaren, zerbitzuen eta euskal kulturaren berri emateko lan egiten du. Aurten 23 pertsonek eman dute izena eta 16 graduatu dira. Graduatu direnen artean, Kolonbian, Marokon, Saharan, Kuban eta Pakistanen jaiotako urretxuarrak daude. Gehienak kolonbiarrak dira. Gazteenak 24 urte ditu eta zaharrenak 67. Hamabi emakumezkoak dira eta lau gizonezkoak.

Graduatuak Juan Manuel de Jesus, Yeferson Ricardo Fetecua, Nelsy Torres, Carolina Restrepo, Aleyda Dias, Adriana Gallo, Kelly Jazmin Pizarro, Armando Guevara, Lucena Mireya Hernandez eta Maria Estela Bulla kolonbiarrak; Tania de la Nuez kubatarra; Asma Pervaiz pakistandarra; Mohamed Sidi-Ely sahararra eta Zineb Lakrim eta Bouchra El-Allioui marokoarrak dira.

Atzoko ekitaldian beraietako ba-tzuk hitza hartu zuen. Bere herrialdeko jantzia soinean zuela bertaratu zen Mohamed Sidi-Ely sahararrak eskerrak eman zizkion Urretxuko Udalari. “Harrera eskolak jatorri ezberdinetako jendea ezagutzeko balio izan digu. Denak oso jatorrak dira, aurrera egiteko gogoa dute eta ziur lortuko dutela. Hona heltzen garenean galduta gaude eta galdetu beharra dugu. Hemen, ezagutzen ez ditugun gauza asko daude eta harrera eskolak guretzat oso garrantzitsuak diren gauzak irakasten dizkigu. Harrera eskolari esker, eskubideen eta betebeharren berri dugu eta lagunak egin ditugu”.

Jon Luqui alkateak eta Maialen Fidalgo zinegotziak Urretxun Bizi Gara harrera eskola oso aberasgarria dela esan zuten. “Ongi etorriak zarete. Harrera eskolan elkarri laguntzen diogu: guk lurra hartzen laguntzen dizuegu eta zuek Urretxuren etorkizuna nolakoa izango den erakusten diguzue, izango garenaren parte baitzarete. Hemen zaudeten unetik, hemengoak zarete”.

Egitasmo honek elkarte eta erakunde ezberdinen laguntza du: SOS Arrazakeria, BidezBide, UGLE, Gainzuri ikastetxea, Uggasa, Sasieta, Emakumeen Etxea, Gazte Bidean, Goiargi abesbatza, Maite Aguado, Udal Euskaltegia, Helduentzako Hezkuntza Zerbitzua, Adinkide, Aspace, Harizpi elkartea, Etxebide, LAB, Osakidetza, Lanbide, Lenbur Fundazioa, Igartubeiti baserria eta Urretxuko Udaleko sail ezberdinak (Gazteria, Kultura, Gizarte Zerbi-tzuak…).