Tolosako Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko erabaki dira aurrekontuen proiektuaren baitan aurrera egingo duten 5 proposamen nagusiak. 5 proiektu hauek 500.000 euroko kostua izango dute, eta Andu Martinez de Rituerto alkatearen esanetan, herritarren inplikazio handia izan dute aurtengo parte hartzeko bidezko aurrekontuek. Izan ere, Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako 1.037 pertsonak eman dute botoa eta parte hartu dute prozesuan, iaz egin zenak baino 364 gehiagok. “Datu hauek erakusten dute badela herria hobetzeko nolabaiteko inplikazio eta konpromisoa herritarren partetik, eta poztekoa da”, baieztatu du Tolosako alkateak.

Azkenik 17 proiektu eraman ziren bozketa fasera, eta horietatik bost egingo dira. Hau da, 2024ko udal aurrekontuetan lekua izango dute bost proiektu horiek. Lehenengoa, Zerkausi gaineko terraza herritarrei irekitzea; urtetan itxita izan da, eta duen degradazioa konpondu, altzari batzuk gehitu eta sarrera-irteeran hobekuntzak txertatuko dira. Bigarrena, Tolosako nerabeei zuzendutako udaleku irekiak sortzea; urte askotan izan den eskaera da, eta eskaintza hori diseinatu eta martxan jarriko da. Hirugarrena, Haurrentzako ur parkeak; enpresa batzuekin dagoeneko jarri da harremanetan udala eta, behin esleituta, leku egokienak identifikatuko dira parkeak kokatzeko. Laugarrena, Merkataritza Plana auzoetan; auzoetan komertzio txikiak babesteko, eta negozio berrien sorrera sustatzeko plana egingo da. Eta azkenik, Larramendi auzoko jolas eta ariketa fisikorako gunea; auzotarrekin egindako bileretan behar hori azpimarratu zuten tolosarrek, eta orain egi bihurtuko da.