Euskaraz Sortzen Mundu Berriak lelopean, azaroaren 30etatik abenduaren 3ra bitartean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintza ezberdinak egingo dira Irungo Amaia KZ eta Oiasso Museoan.

Hala, azaroaren 30ean, osteguna, Jon Plazaola aktorearen Tu-Tum, Platz! bakarrizketak emango dio hasiera programari, 19.00etatik aurrera Amaia KZn. Abenduaren 1ean, ostiralean, Olatz Salvadorrek kontzertu akustikoa eskainiko du Oiasso Museoko goiko areto batean, duo formatuan. Emanaldia 20.00etan izango da, eta ehun ikuslerentzako tokia bakarrik izango da, artista eta entzuleen artean giro intimoa sortzeko.

Bestalde, abenduaren 2an, larunbatean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuta kantu jira izango da 12.00etatik aurrera. Urdanibia plazan hasiko dira eta handik, geldialdiak eginez, San Juan plazaraino egingo dute ibilbidea. Ondoren, arratsaldean, Garik kontzertu akustikoa emango du Oiasso Museoan 20.00etatik aurrera. Kasu honetan ere ehun lagunentzako tokia izango da.

Emanaldi guztietarako sarrerak doakoak izango dira. Amaia Kultur Zentroko emanaldietakoak udaleko webgunean (www.irun.org) eta Luis Marianoko Turismo Bulegoan euskaragarri daude. Pertsonako lau gonbidapen hartzeko aukera izango da gehienez.

Oiasso Museoko kontzertuetako sarrerei dagokionez, han bertan jaso beharko dira eta emanaldi bakoitzaren egunean jarriko dira eskuragarri, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00ak arte. Kasu honetan, pertsonako bi gonbidapen hartzeko aukera izango da gehienez.