Oier Fernandez Carrasco artista zumarragarraren Ni hau erakusketa ikusgai dago Zelai Arizti kultur etxean. Margolanak 22ra arte egongo dira ikusgai: astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatetan 10.00etatik 13.30era.

Fernandez 2001ean jaio zen. Irakasle-ikasketak hasi zituen, baina utzi egin zuen. Ondoren, ilustrazio gradua egin zuen Gasteizen. Ekainean bukatu zuen.

Ikasketak bukatu aurretik hasi zen lanean: kartelak egiten, musikari ezberdinekin zuzenekoetan margotzen (Uxue Kerejetarekin, Olatz Salvadorren bira amaierako kontzertuan, Urretxuko txistu alardean…), Oihane Vicente dantzariarekin tailerrak egin ditu… Horretaz gain, Gainzuri ikastetxean sormen laborategia ematen du, eskolatik kanpoko ekintza bezala.

Erakusketan gradu amaierako lanerako egindako lanak erakutsiko ditu. “Lan bat hasi nuen eta, entregatzeko zazpi egun bakarrik falta zirenean, aldatzea erabaki nuen. Presaz bizi gara eta sorkuntza nire bizitzaren erdigune bilakatzea erabaki nuen: etxean entzerratu eta lau kolorerekin 28 lan egin nituen. Nire lanak niretzat erreferente diren sortzaileei bidali nizkien eta beraiek, nire lanaz baliatuta, sorkuntza prozesua nola uler-tzen duten azaldu zuten”.

Uxue Kerejetak, Oihane Vicente, Maitane Totorika iurretarrak, Idoia Asurmendi abeslariak eta Ines Osinaga trikitilariak parte hartu zuten. “Inesek sorkuntza erdigunean jar-tzea hautu politikoa dela esan zuen eta hori nire terrenora ekarri nuen. Hala da. Euskaraz sortzea eta sorkuntza erdigunean jartzea hautu politikoa da. Gradu amaierako laneko memoria idazteko orduan, hortik jo nuen”.

Erakusketan, 28 lan horietaz gain, udan egin dituenak ikus daitezke. 37 lan jarriko ditu ikusgai. “Sorkuntza erdigunean jartzearen ondorioa da. Hori nola bizi izan dudan erakusten du”.

Erakusketako margolanetan kolore biziak erabili ditu. “Hau guztia egiteko itxialdia egin nuenez, beltza bazter-tzea erabaki nuen. Horitik, arrosatik, urdinetik, berdetik eta zuritik abiatu nintzen. Ondoren, beraien arteko nahasketak sortu dira”.