Pasaiako Euskararen Aholku Batzordetik, Bokaletik, euskara indartzeko ahaleginean dabiltzan eragileen topaketa antolatu dute. Pasai Antxoko kultur etxean izango da ekitaldia bihar 18.30ean.

Bertan Udalarekin eta beste eragileekin elkarlanean euskararen biziberritzean lanean ari diren ordezkariak elkartzea da asmoa, Pasaian egiten ari diren lanaren berri izan eta haien parte-hartzea balioan jartzeko.

Ekitaldian, alkateaz gain, Pasaiako eragileen ordezkariek hartuko dute hitza. Jaime Altuna aditua ere ekitaldian egongo da euskararen aldeko herritarren aktibazioaren garrantzia azpimarratzeko. Eta azkenik, aktibazio hori saritzeko tartea izango da.

Pasaiako Aholku Batzordeak 2021ean Bokale izena hartu zuen Pasaiako Euskarako Plan Estrategiko berria lantzeko. Biharkoa bere eragileen lehenengo topaketa izango da.