Andoni Salamero olerkari zumarragarrak, Aitor Furundarena akordeoilariak eta Andoni Egaña bertsolariak Gabriel Aresti poetari buruzko ikuskizuna prestatu dute. Igande honetan aurkeztuko dute, 19.00etan, Oñatiko Santa Ana antzokian.

Ikuskizunaren izenburua Arestian, egun... da. Arestiren irudia herritarrei gerturatzea du helburu. Salamerok proiektu “eraldatzailea” dela dio. “Helburua ez da Arestiren poemak irakurtzea bakarrik. Ezta bertsoak hala nola musikarekin uztartzea ere. Hori baino gehiago bilatzen dugu emanaldi honekin: Arestik bizi izan zuen garai zail hura bere olerkiez adierazteaz gain, bera hunkiarazi zuten gaiak (euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen bereizketa, euskararen batasuna...) egun bizi dugun egoerarekin konparatu nahi ditugu”.

Oskorrik eta beste hainbat sortzailek musikatutako poemak erabiliko dituzte. Horretaz gain, Furundarenak garai hartako doinuak egungoekin nahastuta sortu dituen konposizioak aurkeztuko dituzte.

Emanaldia lau alditan banatua dago: 1936, 1955, 1975 eta 2025etik aurrera. Sortzaile bakoitza Aresti berrinterpretatzen saiatuko da, bertsoen, musikaren eta olerkien dramatizazioaren bitartez. “Bere olerkiez baliatuz, Arestiren arima gogora ekartzeaz gain, egungo ikusmiratik hurbilduko dugu. Arestiri ukatu zitzaion aintzatespena eta balioari garrantzia emango diogu. Aresti aitzindari izan zen eta nonahi eztabaida eta gogoeta eragin zuen. Guk ere egungo euskaldunon gogoan hausnarketa hori sortarazi nahi dugu. Egungo euskaldunok eragile lanetan jarduteko ditugun ahalmen eta talentuak azalarazi nahi ditugu”.