Aurten ere, 2023-24 ikasturterako Haurren Hiria egitasmoaren 10.edizioa martxan jarri du Tolosako Udalak. Egitasmo honen baitan 8 eta 12 urte bitarteko Herrikide Ikastetxeko, Laskorain Ikastolako eta Samaniego Ikastetxeko haur eta nerabeen ekarpenak jasoko ditu Udalak, azaldu digutenez, “gazteen ikuspuntutik abiatuta, herria hobe-tzeko” helburuarekin. Aurtengo edizioan haurren aisialdiari begira jarriko dira eta haurren iritzia etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliatuko du egitasmoak. Izan ere, “Tolosako Udalak sustatzen dituen foro eta batzar ezberdinetan, behin eta berriz atera da haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruko hausnarketa egitearen beharra, eta hortik abiatuta, egokiena, haur, nerabe eta gazteei galdetzea izango da” baieztatu dute Udal ordezkariek.

Haurren Kontseiluarekin lau lan-saio bideratuko dira, ostiraletan eta eskola ordutan, goiz osoko iraupenarekin. Lehen saioa abenduaren 15ean izango da, bigarrena urtarrilaren 19an, hirugarrena martxoaren 22an eta laugarrena maiatzaren 3an. Proiektuan parte hartu nahi dutenentzat izen-emateak zabalik dira jada azaroaren 14ra bitartean. Izena emateko argibideak ikastetxeko zirkularren bitartez banatu dira eta argibideak http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunean ere eskain-tzen dira.