Gaur Mundualdia ospatuko dute Usurbilen. Duela urte batzuk hasi ziren herriko jatorri aniztasuna goraipatzeko festa antolatzen. Aurtengoa berezia izango da: Usurbil Harrera Herri izateko azken hilabeteetan egin diren urratsak eta aurrera emango diren pausoak aurkeztuko dituzte larunbat arratsaldean.
Udalak bi urrats nagusi egin ditu azken hilabeteetan, sortutako Aniztasun Kontseiluan hala adostuta. Batetik, harrera zerbitzua jarri du martxan: etorri berriek herria eta eskura dituzten baliabideak ezagu-tzeko hitzordua eska dezakete Usurbilgo Aniztasun teknikariarekin.
Honen harira, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak egunkari honi eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, Usurbilgo tamainaren (6.300 biztanle) herrietan Aniztasun teknikariaren figura ez da ohikoa: “Esango nuke Usurbil Euskal Herrian bakarrenetarikoa dela, edo bakarra dela, zerbitzu hau eskaintzen duena”.
Ekainetik dago martxan, eta 20 lagun inguruk eskatu dute hitzordua. Oraingoz, udaletxean eskatu behar da zerbitzua. Emakumeen Etxea irekitzen denean, aldiz, arreta han eskainiko dela aurreratu dute Udaletik.
Bestetik, herriko baliabideen gida berritu du: etorri berriei herriko eskaintza ezagutarazteko tresna da. Liburuxka horren bidez, era askotako informazioa eskuratuko dute. Batetik, Udaleko zerbitzuen ingurukoa: errolda, harrera zerbitzua, gizarte zerbitzuak, euskara ikasteko aukerak, etxebizitza, enplegua, kirola, udal baratzeak, hondakinak, Emakumeon Etxea... Bestetik, osasun zerbitzuak, hezkuntza eskain-tza, eskolaz kanpoko jarduerak, kultura eta aisialdia, kirola eta garraio publikoari lotutakoak ere aurkituko dituzte. Horrez gain, herriko elkarte, eragile eta taldeen berri ere ematen da, baita urteko festa eta ospakizunen berri ere, herriko ekitaldi eta bizitzan parte har dezaten.
Lau hizkuntzatan argitaratu da: euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa eta euskara-arabiera. Baliabideen gida ez ezik, hiztegitxo bat ere landu dute, euskaldunak ez diren etorri berriei euskarazko oinarrizko esapideak ezagu-tzeko balioko diena. Sei hizkuntzatan egin dute hau.
Alkateak azaldu zuenez, “jatorri aniztasunaren eta bizikidetzaren lanketa aspalditik datorren ildo bat da”. “Konturatu ginen gure herria geroz eta anitzagoa dela; datu bat ematearren, gure biztanleriaren %18 edo %20 inguru Euskal Herritik kanpo dator eta 50 jatorri ezberdin daude”, aipatu zuen.
Testuinguru honekin, 2015-2019 legealdian hasi zen egiten Udala ongietorri saioak. 2019-2023 legealdian ez zen batere egin, baina aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaian sakontzeko lan eta urrats garran-tzitsuak egin zituen.
Esaterako, Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko txostena egin zuen Aztikerrek, Udalaren eskariz: txosten horretan, migrazioaren inguruko iritziak eta diskurtsoak bildu ziren, begirada 1960 eta 70eko migrazioan zein gaur egungoan jarrita.
Lan horren ondorio nagusiak gida batean jaso eta etxez etxe banatu ziren, eta, horrez gain, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa ekoitzi zuen. Txostena, gida zein ikus-entzunezkoa Udalaren webgunean kontsulta daitezke.
“60. hamarkadan, Euskal Herriko beste herri askotara bezala, Estatuko beste tokietatik zetozen biztanleak jaso genituen”, gogora ekarri zuen alkateak. “Haiei galdetu genienean nola bizi izan zuten etorrera gure herrira oso positiboki erantzun zuten eta konturatu ginen Usurbil harrera herri izateko gaitasuna zuela”, azpimarratu zuen.
“2000. urtetik beste migrazio olatu bat jasotzen hasi ginen, munduko txoko ezberdinetatik datozen pertsonena. Horrek esan nahi du aniztasun hori geroz eta anitzagoa eta ezberdinagoa dela jatorri, kultura, hizkuntza eta kultura ezberdinak dauzkagulako eta hau guztia kudeatu beharra dago”, aipatu zuen.
“Gu beti premisa batetik abiatu gara: aniztasuna ez da mehatxu bat, baizik eta aberastasuna ekarri dezakeen aukera bat”, amaitu zuen Solaberrietak.