2023-24 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kirola programaren aurkezpena burutu zen Lezon, pasa den asteartean. Eskualdeko lau Kirol zinegotziak bertaratu ziren: Eneritz Arruti (Lezo), Leire Mazizior (Errenteria), Edorta Fernández (Oiartzun) eta Julen Rodríguez (Pasaia). Aurten Eskola Kirolak berdintasunera begira aurrera pauso handi bat eman nahi du eta, Mindara elkartearekin batera, Eskola Kirol Egokituko (EKE) programa jarri dute abian.

Atzoko aurkezpenean gogorazi zutenez, azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Desgaitasunaren Arreta Ereduaren garapenaren ildotik, Eskola Kirol Inklusiboko (EKI) Estrategiaren bitartez esku-hartzeak gauzatu dira. Horri esker, eskola kiroleko eskaintzan desgaitasuna duten ikasleen integrazioa eta inklusioa sustatu da.

Lehen saiakera haurra bere berezko taldean txertatzea bada ere, haurraren ezaugarriengatik hori ezinezkoa den kasuetan, eskola kirolak aukera bat eskaini nahi izan die. Hutsune hori betetzeko asmoz garatu da ikastetxeetan Eskola Kirol Egokituko programa (EKE).

EKE taldeek astean bi saio izango dituzte, bata aretoan eta bigarrena uretan. Saio horiek Mindara elkarteko begiraleek zuzenduko dituzte, beraien esperientzia eta ezagutza ezinbestekoak baitira programa aurrera eramateko orduan. Astean zeharreko saioez gain, ikasturtean zehar Eskola Kiroleko larunbateko hainbat jardueretan parte hartzeko aukera ere izango dute. Parte-hartze hauetan, euren ikastetxeko gainontzeko haurrekin parte-hartzea bilatuko da.

Programa honetan parte hartu nahi duten familiek ere, ikastetxearen bidez egingo dute izen-ematea.

Bestalde, atzoko agerraldian aurtengo Eskola Kirolaren datuak jakitera eman zituzten. Datuetan oinarrituz, Leire Mazizior Errenteriako zinegotziak bilakaera hori nabarmendu zuen: “Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio”.

Izan ere, Oarsoaldeko ikasleen erdiak baino gehiagok, %58k, egingo du eskola kirola aurten; hau da, zortzi eta hamabi urte arteko 1.405 ikaslek. Gainera, nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte: parte hartzaileen %35,48 neskak dira.

Guztira 127 talde daude: 63 Errenterian, 31 Pasaian, hamar Lezon eta 23 Oiartzunen. Saio guztiak gidatzeaz 72 entrenatzaile arduratzen dira, 29 emakumezko eta 43 gizonezko.

Azpimarratu zutenez, Eskola Kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun urteotan egin den lanari esker.

Eskola Kirola programaren helburuetako bat haurrek kirol ezberdinak, futbolaz haratago, ezagutzeko aukera izatea da.