Lau herri-erronka identifikatu eta misio bihurtu ditu Usurbilgo Udalak. Hortaz, datozen urtetarako bere jardunaren ardatz izango dira. Lau misio hauek Udala herritarrengandik gertu, Trantsizio ekosoziala, Zaintza eta 650 Usurbil Bizi dira.

Hauek jakitera emateko gaur arratsaldean, 18.00etan, aurkezpen publikoa prestatu dute Mikel Laboa plazan. Euria egingo balu, Sutegira lekualdatuko litzateke ekitaldia.

Udaletik aditzera eman dutenez, misioen araberako udal antolamenduak egungo gizartearen erronkei heltzeko bokazioa du. “Administrazioak, bere kabuz, nekez egin diezaieke aurre, eta horren ordez, beste eragile pribatuekin eta komunitarioekin lankidetzan aritzea beharrezkotzat jotzen du: horrek balio behar luke politika publikoetan erabakiak beste era batera hartzeko eta, batik bat, bakoitzak bere esparrutik erronka horietan eragin ahal izateko”, azpimarratu dute.

Esan bezala, misioek norabide bat definitzen dute, Udala eta herritarrak batzen dituen norabide partekatua. Baina, jakitera eman dutenez, “norabide horrek egiteko modu bat ere badakar berarekin, herritarrekin lan egiteko modu bat”. Horregatik, Usurbilen gobernantza eredu berri bat eraikitzeko asmoa du Udalak, horretarako dagokion prozesua abiatuz herritar eta eragileekin.

Aurreratu dutenez, urrats garran-tzitsua eman nahi du Udalak, orain artean Usurbilen egin den lan sendoaren jarraipena ekarriko duena.

Izan ere, legealdi berriarekin batera, funtzionamendu berria jarri da martxan Udalean, zeharlerrokoa eta malguagoa. Hiru eremu zabaletan lan egingo dute: Lurraldea, Herritarrak eta Antolaketa.

Lan egiteko modu berri honi misioen ezartzea gehituko zaio hemendik aurrera.