Hondarribiko Udal Euskaltegiak hasi du ikasturte berria
Ostegunera arte matrikula zabalik egongo da otsailean ikastaroak ikasi nahi dituzten ikasleentzat
Hondarribiko Udal Euskaltegiak ikasturte berria hasi du 230 ikasle ingururekin. Ortzi Alonso Euskara zinegotziak azaldu duenez, Hondarribiko Udalarentzat “Euskaltegia ezinbesteko zerbitzua da” eta, hori dela eta, ordutegi zabala eskaintzen da.
Zehazki, goizeko ordutegian talde bana dago A1, A2, B1 eta B2 mailetan, C1 mailako bi talde eta C2rako autoikaskuntza taldea; horrez gain, mintzamena lantzea helburu duen talde bat osatu da ostiral goizetan. Arratsaldeko ordutegiari dagokionez, berdina da A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan, eta horrez gain, B2, C1 eta C2 autoikaskuntzan daude ere.
Arantxa Ezeiza Euskaltegiko zuzendariak esan du “C2 maila ere ematen dugula, ez baita toki guztietan eskaintzen eta are gutxiago ematen”. Gainera, datorren ostegunera arte matrikulak zabalduko dituzte, otsailean ikastaroetan sartu nahi duten herritarrentzat.
Bukatzeko, Ezeizak azaldu zuen ikasle gehienen helburu nagusia titulu ofiziala lortzea dela, baina beste batzuen helburu dela euskara ulertzea eta hitz egitea. “Hori dela eta, mintzapraktika klaseetako ariketetan txertatzeaz gain, kanpo ekintza batzuk antolatzen ditugu ikasleen arteko harremana euskaraz izan dadin, besteak beste, sagardotegia, mintzodromoa eta txangoak”.