Filosofiaren Plaza egitasmoa martxan jarriko du Errenteriako Lekuona Fabrikak aurten ere bederatzi eta hamabi urte bitarteko haurrei bideratuta (Lehen Hezkun-tzako 4. eta 6. mailak). Azaroaren 3an hasita, hilean behin izango dira saioak, 17.30etik 19.30era. Izen-ematea doakoa da eta sarrerak.errenteria.eus webgunean nahiz Lekuona Fabrikan egin daiteke.

Ekimen honen helburua sormenaz gozatzea, harekin jolastea, ikertzea eta haren inguruan pentsatzen hastea da. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Iazko ikasturtean bezala, hilean behin ostiral batean elkartuko dira parte-hartzaileak patxadaz eta giro ludikoan, herriko artista batekin eta haur filosofia bidera-tzaile batekin elkarlanean aritzeko.

Plaza Horian elkartuko dira eta diziplina ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera izango dute gaztetxoek, sortzaile ezberdinen eskutik. Antzerkia, musika, margolari-tza, jostailuen diseinua, dantza, literatura eta bestelako esparruak inguratzen dituzten prozesuak, aurrekariak, zergatiak eta produktuak aurkeztuko zaizkie.

Aurreko bi edizioetan, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Ibai Maritxalar, Eva Díaz de Isla, Joxemari Carrere, Idoia Hernández Hatxe, Xabier Obeso, Ander Fernández, Alain Maya, Ibon Huarte eta Gema Ines Murillo izan ziren sor-tzaile parte-hartzaileak. Edizio berri honetan, beste izen batzuk gehituko dira zerrenda horretara.

Artisten lanetik abiatuko dira saioak eta, ondoren, haurrak protagonista bihurtu eta elkarrizketa filosofikoan arituko dira, Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteko Xabi Salaberria eta Eva Domingo bidelagun dituztela. Horrela bada, gaztetxoek kreatibitatearen inguruko hausnarketa egingo dute.

Saio bakoitzaren bigarren zatian, berriz, haurrek sortzeko aukera izango dute. Alor ezberdinekin lotutako materialak izango dituzte eta, askatasunez, sormen propioarekin esperimentatzen hasteko tartea eskainiko zaie.

Lekuonatik adierazi dutenez, “teorian sormena miresten duen gizarte honetan, sarritan haurrei ez zaizkie eskaintzen sortzaile sena garatzeko beharrezkoak dituzten denbora eta laguntza”.