Urriaren 14an, larunbata, Merkatu Txikia ospatuko da Mutrikuko Beheko Plazan. Salmenta postuak zabalik egongo dira 9.00etatik 14.00etara bitartean. Aipatzeko da ere Jakoba Errekondok eskainiko duen hitzaldia toki berean. Saioa 12.00etan hasiko da eta hitzaldiaren izenburua Ilargi eta landareak urteko lanen agenda izango da.

Errekondo paisajista eta agronomoa da. Euskal Herriko aditu handienetakoa landareen eta gizakion arteko harremanari dagokionez, erreferentzia Euskal Herriko jendartearentzat, baita komunikatzaile trebea ere. Hainbat hedabidetan aritzen da landareak, paisaia, baratzezaintza, lorezaintza eta abarri buruz. Argia astekarian duela 22 urte hasi eta astero astero idatzi du gai hauen inguruan eta dagoenerako 1.000 artikulutik gora argitara eman ditu bertan. Euskadi Irratian 32 urte daramatza bere kontsultategi ezagunarekin.