Deba ibaia eta bere adarrak garbituko dira auzolanarekin urriaren 21ean Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoria-tzan, Elgetan eta Oñatin –Aramaio barne– aurrera eramango duten ekimenari esker. Leintz Gatzagan, aldiz, hitzordua hilaren 28an izango da.

“Aurten ere askotariko norbanako eta eragileek parte hartuko dute, inguratzen gaituzten errekak ezagutzeak, bizirik mantentzeak eta zaintzeak duen garrantziaz jakitun izanik”, azpimarratu zuten Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoa bultzatu duten ordezkariek.

Errekara hurbiltzea, ezagutzea eta, bide batez, “herritarrekin topo” egitea dira helburuak. Iaz 600 lagun inguru elkartu ziren, eta bigarren edizio honetan pertsona ugari biltzea ere espero da. Beraz, herritarrak ekin-tzetan parte hartzera animatu zituzten antolatzaileek Elorregin egindako agerraldian. Izena emateko https://labur.eus/ErrekaAuzolana helbidean eskuragarri dagoen galdetegia bete beharko da, hilaren 18ra arte.

landare inbaditzaileak

Bestalde, Bergarako kasuan, erreka garbitzeaz gain, Kukubaso Elkartearekin batera landare inbaditzaileen identifikazio lanak egingo dituzte. “Zeintzuk diren ezagutzeaz gain, argazki eta kokapen bidez lokalizatuko ditugu”, azaldu dute Bergarako Erreka batzordetik. Urriaren 21ean lau gunetan elkartuko dira, 9.00etan: Labegaraietako kiroldegian (San Antoniotik Epelera arteko tartea garbitzeko); Seminarioko patioan (erdigunea, poligonoa eta Mekolalde); Osintxuko plazan eta Elorregin.