Zumarraga: Eko rallyko 54 auto ikusteko aukera
Bilbao Petronor eko rallyaren laugarren edizioa egiten ari dira atzotik. Energia alternatiboak erabiltzen dituzten 54 auto parte hartzen ari dira. Atzoiluntzean Zumarragako Euskadi plazan geldialdia egin zuten.
Ostiralean ekitaldia aurkeztu zuten, azokan bertan. Asier Madariaga antolaketa batzordeko buruak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten. Amaieran, rallya irekitzen ari den 0 autoarekin argazkia atera zuten. Hidrogenoarekin dabil eta Serranok herrira heldu den hidrogenozko lehen autoa dela esan zuen.
Alkateak eko rallyan “geroa ikusgai” dela aipatu zuen. Izan ere, trantsizio energetikoko teknologia berriak dira ikusgai. Marka ezberdinetako azken belaunaldiko autoak etorri ziren atzo Zumarragara. Rallyan eraginkortasun energetikoa sarituko da.
Madariagak parte hartzaileek trafiko arau guztiak errespetatzen dituztela eta, beraz, eko rallyak autoen benetako eraginkortasuna neurtzeko balio duela esan zuen. 500 kilometro egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan. Gaur Muskien egingo dute geldialdia.
54 parte hartzaileetatik, 35 auto elektriko erabiltzen ari dira. Bilbao Petronor eko rallya Espainiako Koparako eta Nazioarteko Automobilismo Federazioaren txapelketarako baliagarria da. Hala, 13 talde atzerritik etorri dira.
Gurrutxagak auto elektrikoa “hemen” dagoela gehitu zuen. “Moldatu beharra dugu. Hori dela eta, eko rally hau herritarrek auto elektrikoak ezagutzeko baliagarria da”.