Hondarribian euskararen erabilera eragiteko helburuarekin, Mintzalaguna programa abian jarri du hamaikagarren ikasturtez Hondarribiko Udalak, Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean.
Atzo egindako prentsaurrekoan Igor Enparan alkateak azaldu zuenez, egitasmo honen helburua “herritarrak modu erosoan eta lagunartekoan elkartu eta euskaraz aritzeko aukera izatea da”. Horretarako, talde desberdinetan banatzen dira, iaz 14 izan zirelarik. “Euskaraz hitz egiteaz gain, harreman pertsonalak sendotzea ere helburu bilakatzen da”.
“Mintzalagunak herrian euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen ditu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak elkartuz”, gehitu zuen Mertxe Gerriko programaren koordinatzaileak. “Egitasmoa indartzea beraz, lagungarri gerta daiteke euskararen kale erabileraren datuetan eragiteko”.
Herritar orok parte har dezakete Mintzalagunean, “euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin nahi duenak, herria euskaldunago bihurtuko nahi duenak, beste guraso batzuekin euskaraz aritzeko gogoa duenak, besteei euskaraz bizitzen lagundu nahi dionak, ondo pasa nahi duenak, etxeko eta familiako hizkuntza ohituretan eragin nahi duenak…”, esan zuen Enparan alkateak.
Mintzalaguna programan parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkar- tzeko konpromisoa hartzea dira. Bestalde, izena emateko aukera zabalik dago jada eta Udal Euskara Zerbitzuaren egoitzan (Pampinot Kalea, 12-14), mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera email bat bidaliz eta www.hondarribia.eus webgunean egin daiteke. Gainera, informazio gehiago eskuratu nahi duenak 688 865 398 edo 943 111 224 zenbakietara deitu dezake.