Lazkaoko Jabetze Eskola Feminista martxan da berriz ere, eta bi ekimenekin emango dio hasiera ikasturte berriari. Alde batetik, Urrup Antzerki Taldeak Si ellas hablaran obra antzeztuko du urriaren 6an. Bestalde, urriaren 7an Ehoziri Langileen II. Topaketa egingo da. Antzerki saioa Areria Aretoan izango da, arratsaldeko 20.30etan; topeka, aldiz, goizeko 10.00etan hasi eta 13.00etan amaituko da, Herriko Plazan.

Bi jarduera horiez gain, Eskolak hainbat ikastaro eskainiko ditu emakumeen ahalduntzea sustatu eta genero-berdintasuna bultzatzeko. Irakurketa Feministak Literaturan izango da ikastaro horietako bat. Iratxe Retazolak gidatuko du, urritik ekainera bitartean. Bi orduko saioak antolatuko dira; 18.00etatik 20.00etara.

Jaione Guisasola Urzelai hilekoaren hezitzaileak, berriz, emakumeen ziklikotasuna ulertzeko, onartzeko eta maitatzeko ikastaroa emango du. Azaroko ostegunetan eskainiko dira klaseak, 18.00etatik 20.00etara bitartean.

Azkenik, Nokaren kale-erabilera bultzatzeko ikastaroa antolatu du Lazkaoko Jabetze Eskolak, Maizpide barnetegi-euskaltegiarekin batera. Urritik aurrera, asteartero emango da ikastaro hau, arratsaldeko 18.30etatik 20.00etara.

“Herrian genero berdintasun erreal eta eraginkorra, eta elkarrekiko errespetua sustatzen dituen ekimena da Jabetze Eskola”, azaldu zuen Lazkaoko alkatea den Kepa Zubiarrainek, astelehenean burutu zen aurkezpenean. Zubiarrainekin batera, Unbe Etxaniz Berdintasun zinegotzia eta Lidia Hernández Berdintasun teknikaria izan ziren. Alkatearen hitzetan, “bai Berdintasun Sailak, bai Jabetze Eskola Feministak, funtsezko zeregina dute Lazkaoko gizarte berdinzaleago eta bidezkoago bat eraikitzeko, non emakumeek eta gizonek aukera eta eskubide berberak izango dituzten. Emakumeak ahalduntzen, genero-estereotipoak ezabatzen eta desberdintasun sistemikoei heltzen lagun-tzen du, eta horrek, aldi berean, komunitate osoari egiten dio mesede. Genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde komunitatean egiten duten lana indartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”.

Dagoneko zabalik dago IV. Jabetze Eskola Feministarako matrikula. Ekimen honetan parte hartu nahi duten pertsonak urriaren 6ra bitartean eman dezakete izena Udaletxean edo www.lazkao.eus web orrialdean.