Hitz Andanaren edizio berria aurkeztu zuten atzo Hernaniko Udalak eta antolaketan parte hartu duten eragileen ordezkariek. Irailaren 27tik urriaren 1era izango da hitzaren eta literaturaren ahozko jaialdia. Ainara Aiestaranek, Hernaniko liburuzainak, azaldu zuenez, “poesiarekin hasi eta bukatuko da aurtengo Hitz Andana, baina denetik edukiko dugu bost egunez”.

Lehenengo ekitaldian Mare, ilargiari poemak liburuaren errezitaldi musikatua ikusteko aukera izango da Biteri kultur etxean, 19.00etan.

Irailaren 28an Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio musikatua eskainiko da Biterin 19.00etan. Ikuskizuneko sarrerarekin biltzen den dirua minbizia ikuspegi feministatik lantzen duen Iñurri elkartearentzako izango da.

Hilaren 29an, Ekaitz Goikoetxearen testuekin eta Kepa Errastiren zuzendaritzapean Kimuak dantza kolektiboak sortu duen GenErorAntz dantza emanaldia izango da Biterin 19.30ean.

Hiru saio hauetarako gonbidapenak eta sarrerak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira Biteri kultur etxean eta sarean (www.kultura.hernani.eus).

Hitz Andana jaialdiko egitarauaren baitan, Dobera euskara elkarteak antolatzen duen Disko eta Liburu Azoka izango da larunbatean Atsegindegin. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta berrikuntza garrantzitsuekin dator. “Aurten diskoak ere salduko dira, beraz, Liburu eta Disko Azoka izatera pasatuko gara. Bestetik, Doinu Ele euskara hutsezko sarearen barruan sartu gara”, azaldu zuen Doberako Nagore Zubiturrek.

Liburu eta diskoak saltzeko 17 postu izango dira, “inoizko gehien”, eta hauetan idazle eta musikariak egongo dira sinatzen. Gainera, liburu eta disko aurkezpenak, ipuin kontaketa, Haur Txokoa, irakurraldia eta bertso saio literarioa izango dira.

Azkenik, urriaren 1ean Poemolly, ludopoesia saioa burutuko da. Bertan euskal literaturari buruzko tribiala prestatu dute, Itziar Ugarteren Gu gabe ere liburuko 24 poema errezitatu bitartean jokatuko dena.

Poemollyn parte hartu nahi duenak Hernaniko liburutegian edo www.hkl.eus webgunearen bidez izena eman dezake.