Hernanik asteburu honetan Euskal Jaiak ospatuko ditu eta antolatzaileek herritarrak euskal jantziak jaztera animatu ditu. Ekitaldi gehienak Ezkiaga pasealekuan kokatuko dira.

Gaur goizean ohiko abeltzain eta baserritarren azoka ipiniko dute eta 11.00etan bisita gidatua antolatu dute azoka barrenetik ezagu-tzeko. Idien erakustaldia ere izango da.

Euskal Jaien baitan ezin lirateke herri kirolak baztertu. Honenbestez, Emakumezko Aizkolarien Euskadiko kanporaketa jokatuko da 12.30ean.

Arratsaldean, 18.00etan, Biteri plazan, bertso jaialdia izango da Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Maider Arregi eta Nerea Elustondo bertsolariekin. Gai-jartzailea Eli Pagola izango da. Ondoren, musika bandaren kontzertua hasiko da udaletxeko arkupeetan.

Eguna amaitzeko Esne Beltzaren kontzertua izango da Gudarien plazan 23.00etatik aurrera.

Bihar, Sagarraren eta Sagardoaren eguna izanik, 11.00etan sagardo dastaketa hasiko da Gudarien plazan. Ohitura denez, goizean ere XLII. Pablo Lasa Artisau Azoka antolatuko da.

Eguna amaitzeko, 20.00etan, Harria dantza ikuskizuna eskainiko dute Mulixka dantza taldeak eta Iñaki Perurenak Ezkiagan.