Antioko musikaldiaren 40. edizioa abian da Zumarragan. Larunbatean Bach&Bach hirukoteak jo zuen. Larunbat honetan Open Brass taldeak joko du, hilaren 16an Kea ahots taldeak, 23an Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak eta 30ean Steven Lin pianistak. Urteroko moduan, Ezkioko Igartubeiti baserrian ere kontzertu bat egingo da. Urriaren 7an izango da. Garazi Etxaburu dantzariak, Urbil Artola gitarra-joleak, David Azurza abeslariak eta Andoni Salamero olerkari zumarragarrak Sagarrondo txintxo, sagarrondo on! ikuskizuna aurkeztuko dute.

Larunbat honetan Open Brass taldeak joko du. Nacho Valera (tronboia), Luis Martinez (tronpeta), Eva Sanchez (perkusioa), Alejandro Lozano (tronpeta), Nacho Bolos (tronpeta) eta Juan Carlos Estevek (tronboia) osatzen dute. Guztiek prestakuntza eta esperientzia luzea dituzte. Talde eta orkestra ezberdinetan jo dute.

Kontzertua 19.30ean hasiko da. Beti bezala, autobus zerbitzua egongo da. 19.00etan abiatuko da, Elizkaletik. Sarrera librea izango da, eliza bete arte.

Antioko zikloa Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan, musika klasikoa herrietara ere eramateko. 40 urte hauetan 28.000 lagun inguruk gozatu dute Antion egin diren kontzertuez.