Arte eszenikoak herritarren artean sustatzeko asmoarekin, Hika Teatroak, Lezoko Udalarekin batera, antzerki testu laburren 1go lehiaketa jarri du martxan. Lehiaketa hau publiko orokorrari eta zehazki gazteei zuzendua dago. Deialdi honetara euskararen eremu geografikoko dramaturgo, idazle edo idaztea gustukoa duen edozein hiritar aurkeztu daiteke.

Lanak aurkezteko epea irailaren 14ko 14.00etara luzatuko da. Testuak PDF formatuan posta elektroniko honetara bidali beharko dira: mdimalta@lezo.eus. Testuarekin batera zortzi edo hamar lerroko sinopsia bidali beharko da eta baita pertsonaiei buruzko hiru lerroko azalpena. Horrez gain, idazlearen nortasun agiriaren kopia eskatzen da.

Gehienez 15 minutuko antzerki testu laburrak izango dira eta gutxienez 10 minututakoak. Pertsonaia protagonistak gazte bat izan behar du.

Lehiaketara aurkeztuko diren piezetatik guztira sei aukeratuko dira, horietatik bi gutxienez 35 urte baino gazteagoak diren dramaturgoenak izatea balioetsiko da. Hizkuntza aldetik, lau gutxienez euskaraz izan beharko dira eta generoari dagokionez, parekidetasuna ziurtatutako da.

Sei pieza labur hauek, bigarren fase batean lehiatuko dira, irakurketa dramatizatu moduan, urriaren 7an ospatuko den kale jaialdian.

Sari bakarra izango da, 1.000 eurokoa. Eta erabakia publikoak hartuko du jakin gabe testu bakoitza zein dramaturgori dagokion eta zein zuzendarik zuzendu duen. Testu irabazlea zein den jakin ostean, orduan bakarrik emango da informazio guztia.

Jaialdiaren ostean, egileak oztoporik izan ezean, irakurketan parte hartutako sei testuak ikusgai izango dira Lezoko Udalaren webgunean; astero bat, nahi duen orok irakurri ahal izateko.

Ekintza honekin gazteriaren artean arte eszenikoen ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, eta, aldi berean, haien sortzaile gaitasuna erdigunean jarri.

Horrez gain, euskal kultura, euskara eta zehazki euskal antzerkia ikusarazi eta bultzatu nahi dira..