Orioko txu-txu trenak aldaketak ditu aurten
Zerbitzua azpikontratatu du Udalak eta irailaren 10era arte egongo da
Txu-txu trenaren udako zerbitzua martxan da jada Orion eta aurten irailaren 10era arte luzatuko da. Ikusita Udalarena zen trena oso zaharkituta zegoela eta sarritan matxuratzen zela, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen aurten Orioko Udalak. Horregatik, aurten zerbitzuak aldaketak izan ditu.
Herritarrengandik jasotako eskaeren aurrean, zerbitzua hobetzeko neurriak hartzen ari da Udala. Era berean adierazi du aurtengoa “probako urtea” dela (horregatik lizitatu dute zerbitzua urtebetez) eta denboraldiaren amaieran herritarren ekarpenak eta erabilera-datuak jasotzen dituenean, datorren urteko deialdia egokituko dutela.
Udalak herritarrei adierazi nahi die zerbitzuaren gainean dagoela eta irailetik aurrera iritzia emateko eta proposamenak helarazteko epea zabalduko zaiela. Gainera bilera bat egingo da Anibarko Portuko bizilagunekin egiten duten balorazioaren berri izateko.
Orain arte herritarrengandik jasotako eskaeren aurrean, hauek izan dira Orioko Udalaren erantzunak. Txu-txuaren zerbitzua (ibilgailua eta gidariak) kanpoko enpresa batek kudeatzen duenez, txartelen salmenta-eredua aldatu egin da: Udalarenak diren turismo-bulegoan eta kanpinean eskuratu behar dira txartelak. Horrez gain, txartelak TAOko makinaren bidez saltzeko aukera aztertzen ari da Udala.
Jende askok gidariarengana joaten jarraitzen du eta horrek atzerapenak eta ilarak sortu zituen zerbitzuaren lehen egunetan.
Txu-txu trenaren ibilbidea luzatu egin da aurten, Anibarko Porturaino, zerbitzua herritar gehienei eskaintzeko (bereziki hondartzatik urrutien daudenei). Aldaketa honek itzuliaren iraupena luzatu du eta, ondorioz, trenen maiztasuna murriztu.
Zentzu honetan, itzuli guztiak Anibarko Porturaino egin beharrean, buelta motza (ikastolako plazaraino) eta buelta luzea (Anibarkok Porturaino) txandakatzeko aukera aztertzen ari da Udala.
Aurtengo txu-txu trenaren tamaina pixka bat txikiagoa da. Izan ere, Ibai Ondo kaleko zubi azpitik pasa behar duelako Anibarko Porturaino iristeko, eta horrek eragina izan du ibilgailuaren irisgarritasunean. Trena txikiagoa izatean eserlekuen arteko tokiak estuagoak dira.
Udalak aurtengo esperientzia baloratuko du eta datorren urtera begira beharrezko aldaketak egingo ditu trenaren irisgarritasuna bermatzeko.