Zumaia: Julene Azpeitia literatur lehiaketaren 36. edizioa, martxan
Euskarazko literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz antolatu du Zumaiako Udalak Julene Azpeitia literatur lehiaketa beste urte batez. 36. edizioa izango da aurtengoa eta irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak.
Idatziaren gaia librea izango da eta euskara hutsean sortu beharko da. Aurrez argitaratu gabeko lanak jasoko dituzte, gutxienez sei orrikoak. Zumaiako udaletxean (Foruen plaza, 1) posta bidez edo euskara@zumaia.eus posta elektronikoaren bitartez bidali beharko dira lanak.
Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 1.500 euro irabaziko ditu eta hirugarrenak, aldiz, 1.000 euroko saria jasoko du.
Idazlanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: euskara hutsean sortu behar dira eta teknologiaren laguntzarik gabe egin behar dira. Originala eta argitaragabea izan behar du. Gaia librea izango da, gutxienez sei orrialdekoa eta gehienez 15 orrialdekoa, lerroaren bikoi- tzarekin eta orriaren alde batetik.
Onartua izateko izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezingo da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi bat bidali beharko da. Gutunazalaren kanpoaldean idazlanaren izenburuarekin eta barrualdean egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia egon behar dira.
Udalak beretzat gordetzen du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, baina argitaratzekotan, epaimahaiak ebazpena eman eta urtebeteko epearen barruan argitaratu behar du, bai bere kabuz, bai beste batzuen bidez. Lehenengo argitalpenaren ustiapen eskubideak Zumaiako Udalarenak izango dira. Epaimahaiaren ebazpena itzulezina izango da eta lehiaketan parte har- tzeak oinarriak onartzen direla esan nahi du. Azkenik, idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Oinarri guztiak www.zumaia.eus webgunean ikus daitezke.
Iazko irabazleak
Iaz 54 lan aurkeztu ziren Julene Azpeitia ipuin lehiaketan. Lehen saria Maddi Aiestaranek irabazi zuen Hozkailuan post-it bat eleberriari esker. Bigarren saria Gotzon Plaza Jaiok irabazi zuen Haizearen norabidea ipuinarekin. Zumaiako onenaren saria Angel Gallok irabazi zuen Zu eta ni lanarengatik. l