Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkuran jakitera eman zenez, Udalak hiru batzorde informatzaile izango ditu 2023-2027 legealdian.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gogorazi duenez, aurreko legealdian barne prozesu bat egin zuen Udalak, udal Gobernuaren iniziatibaz, udal langileekin batera, Julen Mendoza aholkulariak gidatuta.

Horren helburua udal egiturak aldatzea izan zen, “departamentuzko egitura zurrunetik egitura malguagoetara” pasatzea, sailen arteko elkarlana eta koordinazioa erraztu, eguneroko funtzionamendua arindu eta lan-ildoak zeharlerrotasunez landu ahal izateko.

Prozesu horren ondorioz, beraz, 2023-2027 legealdian Usurbilgo Udalak honako batzorde informatzaileak izango ditu: Lurraldea, Herritarrak eta Antolaketa.

Batzorde informatzaileak bost kidez osatuta egongo dira, eta talde politiko bakoitzak honako ordezkaritza izango du: EH Bildu, hiru kide; EAJ/PNV, kide bat; eta PSE-EE, kide bat.

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapenaren berri eman zen. Honakoak izango dira Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko kideak 2023-2027 legealdian: Agurtzane Solaberrieta Mesa, Ainhoa Arrozpide Landa, Iratxe Begiristain Otegi, Xabat Beloki Segurola eta Joxe Mari Lizaso Azkonobieta.

Guztiak Udalean ordezkaritza duen EH Bildu talde politikoko kideak dira, arautegiak hori baimentzen duelako.