Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Uzcanga enpresari esleitu berri dio Astigarragako DBHko eraikinaren proiektuaren idazketa. Estudio honek aurkeztu duen proposamenak dioenez, proiektuaren kostua (zerga guztiak barne hartuta), hamahiru milioi euro pasatxokoa izango da.
Aste honetan, uztailaren 4ean, lanei ekiteko bilera egin zuten Astigarragako udaletxean, Uzcanga Estudioak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak. Bileran Uzcanga estudioak lehiaketara aurkeztu zuen proposamena azaltzeaz gain, gainon-tzekoekin aztertu zuten eta exekuzio proiektua idazteko eta plan berezia egiteko urratsak antolatu zituzten.
Uzcanga enpresak otsailera arteko epea izango du proiektua idazteko, eta ondoren, Hezkuntza Sailak beste lehiaketa bat jarri beharko du martxan obrak egingo dituen enpresa aukeratzeko. Gauzak ondo bidean, lehiaketa hori amaituta egon liteke 2024ko amaieran. Horren ondotik, obrak egingo lirateke eta aurreikusitako iraupena bi urtekoa da. Horrenbestez, gora-behera berezirik ez badago eta gauzak ondo joanez gero, DBHko ikastetxea amaituta egon liteke 2027ko lehen seihilekoan.
Albiste honen inguruan, Astigarraga DBH mugimenduak aditzera eman duenez, behin idazketa proiektua egina dagoenean, esan bezala otsaila inguruan, “une hori garrantzitsua izango da”. “Adi egon behar gara eraikinaren obra egiteko lehiaketa hori lehenbailehen martxan jarri dezaten”, esan dute.
“Beraz, oporretan indarrak hartu eta, beste behin ere, datorren ikasturtean gure aldarrikapena lau haizetara Gasteizeraino iristeko prest egon gaitezen!”, animatu du.
Astigarragako Udalak ere lan egingo du proiektu honek atzerapenik edo etenik izan ez dezan. Izan ere, behin baino gehiagotan salatu duenez, Udalak partzelaren lagapena 2021eko uztailean egin ondoren, Hezkuntza Sailak urtebete baino gehiago behar izan zuen proiektua idazteko lehiaketa martxan jartzeko.
Astigarragak azken 20 urteotan demografikoki asko hazi da. Izan ere, 2000. urtean 3.600 biztanle zeuden eta urtebete berandaugo, 7.302 erroldatu zeuden jada. Gainera, biztanle berri gehienak familia gazteak dira, hortaz, jaiotza-tasa Euskadikoaren bikoitza da gaur egun eta DBH beharrezkoa da.