LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazionarteko Eguneko (ekainak 28) ekintzari eraso egin diotela salatu dute Aiuri Talde Feministak eta Legorretako Udalak : “Aiuri Talde Feminista zein udaletxea osatzen dugun EH Bildu eta EAJko kideok argi dugu ez dugula horrelakorik onartuko”.

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko eguna zela eta, hainbat jarduera egin ziren Legorretan, besteak beste, plazako bi banku ortzadar kolorez margotzea. Lan horri egin diote eraso: “Aurten, plazako bi banku or-tzadar kolorez margotu genituen, guztiek bizitzeko eta aske izateko dugun eskubidearen alde eta Legorretan legorretar guztiek aniztasunak onartu eta babesten ditugula aldarrikatzeko asmoz. Bi banku horietan egindako lana erasotu dute”.

“Honek, Legorretan lan handia dugula egiteko erakusten digu. Horrelako jarrerak babesten dituen oro moztea guztion ardura da. Ez da txantxeatako kontua ezta barre egitekoa ere. Giza eskubideak dira jopuntuan daudenak, bizitzeko eta bizi bizigarriak izateko eskubidea guztiok baitugu eta hauek berma-tzeko ardura guztiona baita”, esan dute. Eta gogorarazi dute, “aipatu genuen atzera pausorik ez genuela onartuko, ezta inolako erasorik ere”.

Lazkao

Legorretakoa ez da kasu bakarra izan. Joan den astean jakinarazi genuenez, Lazkao ere antzeko eraso baten biktima izan da. Ekainaren 27an Herriko Plazako eserlekuetan ezarritzako LGTBIQ+ kolektiboaren banderak desagertuak izan zirela saltu zuen Lazkaoko Udalak: “Harrotasunaren, aniztasunaren, ikusgarritasunaren eta errespetuaren alde egiten dugun lana zapuzten dute bakan batzuek. Lana dugu aurretik eta jarraituko dugu Lazkao anitz eta berdinzale baten alde lanean”.

Zaintzaileen topaketa

Datorren asteazkenean, hilaren 12an, Zaintzaile Profesionalen Arteko Topaketa izango da Legorretan. Udaletxeko Aareto Nagusian burutuko da ekintza, 17.00etatik 20.00etara bitartean.

Parte-hartzaileek euren artean hitz egiteko aukera izango dute, esperientziak, bizipenak, sentimenduak eta sentsazioak elkar partekatzeko. Ondoren, merienda izango dute.

Legorretako Zaintzaile Profesionalen Arteko Topaketan parte hartu nahi duten pertsonek aldez aurretik izena eman behar dute, gizarte@legorreta.eus helbidean edo 943 085 290 edo 688 829 013 telefono zenbakietan.