Aurten Orioko Bisiguaren Festa uztailaren 14tik 16ra izango da. 14. edizioa aurkezteko agerraldia egin zuten herriko plazan eta bertan izan ziren Anuska Esnal, alkatea, Udaleko ordezkariak, turismo-batzordekoak eta herriko bederatzi parrilleroak.
Esnalek adierazi zuenez, “kultura eta ondare naturala nabarmentzeko aukera ematen digu festa honek, izan ere, ondare immaterial horren parte da gastronomia, eta horren arda-tza da herria berezi egiten duen ezaugarria: parrillak. Errioaren bidez itsasoari lotuta bizi da Orio eta itsasoak ogibide asko eman dizkie oriotarrei, tartean, arrantzarena”.
Beraz, Bisiguaren Festaren bidez, omenaldia egin nahi zaie arrantzale izan diren eta diren guztiei. Orokorrean, omenaldia arrantzari lotutako lanbideei izango da.
Hori eta gero, Adrian Garciak, turismo-teknikaria, festaren inguruko informazio praktikoa eskaini zuen: “Azken edizioetan bezala, aurten ere hiru egunetara mugatuko da egitaraua eta lau otordu emango dira: ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria eta igandeko bazkaria”. Txartelak 3an jarriko dira salgai turismo-bulegoan eta 60 euroko prezioa izango dute. Lehen egunean oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte eta 4tik aurrera, kanpotarrei ere emango zaie erosteko aukera. Bakoitzak mahai bat erreserbatu ahal izango du (10 lagunentzako lekua). Telefono bidez egin daiteke ere erreserba (943 835 565), ordaindu izanaren ziurtagiria erakutsi beharko da erreserba egin eta 24 orduko epean.
Menua hurrengoa izango da: Lodosako zainzuriak, tomate eta hegaluze entsalada, bakailao-kokotxak saltsa berdean, bisigua, postrea, kafea eta edaria.