Ohitura bilakatu denez, atzo Lasarte-Orian bi txupinazo izan ziren. Lehenengoa 12.00etan, txupinazo txikia deritzona, udaletxe zaharreko balkoitik, eta bigarrena, ofiziala, 19.00etan udaletxe berritik. Bietan protagonista Txema Vallés kazetaria izan zen, aurtengo pertsona omendua.
Festak igandera arte iraungo du eta bost jaiegunek oso programa zabala izango dute, jardueren kopuruaren aldetik. Adin eta publiko guztientzat pentsatutako programazioa da, baita familian gozatzeko ere.
Atzo Ttakunek Milagros Etxaniz eta Sebastian Kerejeta Patxintxiei aitortza egin zien, Oriatik Okendoraino, Sorgin-dantza atera zen, afari herrikoia egon zen Okendon eta gauean ATLOren danborrada ibili zen kalez kale.
Gaur kantu-dantzajira izango da goizean Sagardotegi kaletik abiatuta eta Okendon amaituz. Arratsaldean, Aterpea elkartearen sardina-jatea antolatu da Okendon ere.
Ostiralean pilota-partidak izango dira. Benjamin, kimu eta haurren kategorietakoak goizean, eta arratsaldez, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietako profesionalen arteko partida. Arratsaldetik gauera arte Remember Jaialdia izango da Andatza plazan.
Larunbatean artisau azoka, gaztetxoentzako parkea eta gaupasa izango dira. Amaitzeko, igandean txokolate jatea, su artifizialak eta zezen suzkoa egongo dira.
Bestalde, gaur hasiko dira Usurbilgo xantixabelak eta uztailaren 3ra arte luzatuko dira. Gaur oilasko biltzaileak aterako dira goizean eta 19.00etan txupinazoa jaurtiko dute eta ikurrina igoko dute gazte eragileek, aurtengo omenduek.
Bihar umeentzako prestatutako ekintzak izango dira. Gainera, barraketan prezio bereziak egongo dira. Prezio merkeago hauek ere uztailaren 4ean egongo dira indarrean.
Larunbatean zikiro jana eta sokamuturra izango dira eta uztailaren 2an, santaren egunean, soka-dan- tza dantzatuko du Korporazioak. Ondoren, lore eta salda banaketa izango dira frontoian.
Amaitzeko, astelehenean jubilatuentzako bazkaria egongo da.
Egitarau osoa Usurbilgo Udalaren webgunean ikus daiteke.