Andoni Egaña, Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo bertsolariek saio bat eskaini zuten Elkarguneko Herriko Plazan bildu ziren ikusleentzat. Bertso jaialdiaren ondoren II. Hike eizan! bertso-paper txapelketaren sari banaketaren txanda izan zen. Sarituak banaka eta kasu batean binaka igo ziren eszenatokira sariak jasotzeko eta sarituak izan ziren bertsoak abesteko. Garazi Larrañaga Aizpuruak eta Laia Sudupe Cabanillasek Azkoitia Saria jaso zuten elkarrekin idatzitako Gaur goizen jaiki naun izeneko bertso sortarengatik. Helduen kategorian, Azkoitia Saria Naia Arrizabalaga Arrietarentzat izan zen Lurraren estalkiak lanarengatik. Bestalde, 18 urtez azpikoen artean lehenengo saria hutsik geratu zen eta bigarrena, Aratz Iturbe Arakistain 11 urteko azkoitiarrak jaso zuen Nire arrebari lanari esker. Helduetan, 18 urtetik gorakoetan, alegia, lehenengo saria Izaro Zinkunegi Barandiaran erreziltarrak etxeratu zuen. Izarok ezin izan zuen sari banaketan parte hartu, baina Elkargunean zeudenek bideo-konferentzia baten bidez entzun zuten Hire larrei, zure zaharrei bertsoa. Bigarren saria, berriz, Jon Gurrutxaga Urbieta azpeitiarrarentzat izan zen Gure bizitza hunan bertso-sortarengatik.

Gazteen kategorian 15 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketan, eta helduen mailan, 11. Gazteetan sei bertso ziren aurkeztu beharrekoak eta 18 urtetik gorakoetan, zortzi bertso.

Hika liburuxka

Hikaren erabilera bultzatzeko asmoz, Xabier Eizagirrek bultzatzen duen lan taldeak Azkoittiko hike poltsikun liburuxka argitaratu du Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Eskuliburuan hitanoa zuzen erabiltzeko azalpenak eta oharrak jaso dira, eta baita aditz-taulak ere. Hike eizan! proiektua bi arrazoi nagusi tarteko jarri zen abian. Batetik, “hikaren erabilera galtzen ari zela-eta, berreskuratzeko ahalegina egin nahi zelako, eta batez ere, noka galbidean ikusten zelako, eta baita hitanoa ez delako behar adinako zuzentasunarekin erabiltzen beti”, azaldu zuen Marijose Arregi zinegotziak liburuxkaren aurkezpenean.

Udaleko Euskara sailak ikastetxeetan eta beste hainbat gunetan banatu du liburuxka. Edonola ere, interesa duen orok Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan doan eska dezake eta baita ondorengo loturan jaitsi ere: https://azkoitia.eus/images/hike-poltsikun.pdf