Kioskoarena birgaitze artistikoa eta feminista izan da. Joxepa Zubeldia bertsolariaren omenezko topalekua da, Ibilbide Moreko laugarren geltokia. Bertan egindako lana ezagutzera emateko bihar 12.00etan inaugurazio ekitaldia burutuko da.

Esku-hartzeaz Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum artistak eta Maialen Lujanbio bertsolaria arduratu dira. “Ezkiaga pasealekuaren erdian dago kioskoa, baina ikusgarritasun gutxi izan du beti. Degradatuta zegoen, oso gutxi erabili izan da, ez zaio eman berez bere kokapen estrategikoari dagokion zentralitatea eta garrantzia”, azpimarratu zuten hiruek atzo egindako agerraldi batean.

Hori dela eta, “apenas ohartzen ziren herritarrak bertan zegoela. Umeek jolaserako erabili izan dute, baina jende asko dago herrian inoiz kioskora igo ez dena”, gaineratu zuten.

Horiek horrela, lehenengo zeregina kioskoa margotzea izan zen eta horretarako Ipar Euskal Herriko frontoien kolorea aukeratu zuten. Bide batez, aurpegi baterako kolore aproposa da. Eta hala egin zuten: erdiko horman Joxeparen izena dago eta aurpegi bat. Ahoa irekita dauka, “komunikazioa, hitza, hitz egitea irudikatu nahi genuelako”, esan zuen Rodriguezek.

Lujanbiok ohartarazi zuenez, kioskoa bezala emakumeon ahotsa ere isilarazi dute edo bazterrean egon da urte askotan: “Kioskoaren eta emakumeen arteko paralelismoa hain nabarmena eta agerikoa da, egin behar genuen lana ia emana etorri zitzaigula”.

Bestalde, Joxepa Zubeldiaren 24 bertsoko sorta bakarra iritsi da gaur egunera eta horiek dira Lujanbiok, Ndungmandumek aukeratutako tipografiarekin, kioskoaren sei zutabeetan modu zilindriko batean jarri dituenak. “Hitz batzuk ia erreta daude, beste batzuk indartsu gaur egun arte iritsi zaizkigu eta Joxepak gaur egun erabil zitzakeen hitzak dira”, gaineratu zuen.

Atzealdean, ere bertsoak daude. Joxeparen bertsoak beste bertso berri batzuekin uztartu dira, emakumeei protagonismoa emateko.