Herriko hiru ikastetxeek eta Udalak elkarlanean, euskara errefortzu klaseak eskainiko dituzte Usurbilen, doan, urritik aurrera. Eskolatik kanpo euskaraz aritzeko eskaintza indartzeko egitasmoa da, euskara gaitasunik ez duten ikasleentzat pentsatua.

Aste honetan egindako aurkezpenean aditzera eman zutenez, azkeneko urteetan Euskal Herritik kanpo etorritako biztanleriak gora egin du eta ohartarazi dira eskolak bakarrik ezin duela komunitate bat euskaldundu eta horretarako beste baliabide batzuk jarri behar direla.

HH5etik DBH4ra bitarteko ikasleek izango dute euskara errefortzu klaseak jasotzeko aukera. Hauek bost taldetan banatuko dira: Zubietan eta Aginagan bana eta herrigunean hiru. Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak dinamizatuko ditu saioak. 2023-24 ikasturtea probarako urtea izango da eta horrek eskaintza doi-tzeko aukera emango du.

Euskara errefortzuen programak bi helburu ditu. Batetik, euskara ez dakiten ikasle etorkinei berariazko laguntza eskaintzea, hizkuntza eta komunikazio trebetasunak lehenbailehen eskura ditzaten, eta, bestetik, ikasle horiei hezkuntza sisteman sartzen laguntzea.

Ikastetxeek identifikatuko dituzte errefortzu klaseak behar dituzten ikasleak, eta haiek egingo diete saioetan izena emateko gonbita. Euskal Herrian jaio baina euskaldunak ez diren haurrek ere parte har dezakete saioetan, irakasleek hala gomendatzen badute.

Dagoeneko horretan hasiak dira: ikasturte amaierako bilerak ari dira baliatzen gurasoei ekimenaren berri emateko. Izen-ematea irailaren 18tik eta 29ra arte izango da, eta nork bere ikastetxean egin beharko du.

Horrez gain, Usurbilen erroldatuta egon baina bertako ikastetxeetan matrikulatuta ez dauden herritarrek ere izango dute aukera ikastaroan izena emateko. Horien kasuan, udaleko Euskara Sailarekin jarri beharko dute harremanetan.

Ordu eta erdiko bina saio egingo dituzte astean. Ordutegiak antola-tzerakoan, ahal izan den heinean, adin tarte bakoitzarentzako eskolaz kanpoko gainerako eskaintza ain-tzat hartzen saiatu dira.

Saioak gidatuko dituzten hezitzaileak Usurbilgoak izan daitezen nahi dute, garrantzitsutzat dutelako hezi-tzaileek ingurua ondo ezagutzea. Izatez, lan-poltsa osatzeko epea ireki dute: curriculumak zerbitzuak@ttakun.eus helbidera bidali behar dira, uztailaren 2a baino lehen.