Ostiraletik igandera arte, antzerkia nagusi izango da Errenterian Eztena jaialdiari esker. Guztira, hamaika emanaldi egongo dira.

Hortaz, hiru egun hauetan zehar ikuskizunak, performance kolektiboak eta astean zehar antolatu diren tailerren erakustaldiak ikusi ahal izango dira. Emanaldi guztiak herriko kaleetan eta eszenatokietan egingo dira, hala nola, Gamon Zumardian, Lekuona Fabrikan, Gaztaño auzoan eta erdiguneko kaleetan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “kaleetan badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin” egin nahi izan dute lan edizio honetan. Hau da, eguneroko kaleko hartu-emanei eta arteak kalean duen presentzia beharrari keinu egin nahi diete aurten. “Kalea kontzeptuaren iruntziarekin edo atzealdearekin jolastea da xedea; artistikoki kaleari beste dimentsio batzuk topatzea, alegia”, azpimarratu dute.

Irekiera ekitaldia bihar 19.00etan izango da Zumardiko kioskoan Kale-garbitzaileen manifestua lanarekin.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, Lekuona kulturgunean eskainiko direnak ezik: larunbateko Concerto eta igandeko Platea ikuskizunak. Sarrerak dagoeneko salgai daide lau eurotan Eztenako webgunean.

Egitarau osoa ere eztena.eus webgunean ikus daiteke.