Urretxu eta Zumarragako udalek kale pintura lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu dute ekainaren 17rako.

Edozeinek parte hartu ahal izango du eta nahi beste lan aurkeztu ahal izango dira. Lanak lehiaketa egunean bertan egin beharko dira bi herrietako kaleetan.

Lanen neurria gehienez 1x0,81 metrokoa izango da. Teknika librea izango da. Lanak egiterakoan edozein oinarri erabili ahal izango da, baina lana euskarri gogor batean jarri beharko da aurkeztu aurretik. Lanak egiteko beharrezko tresna guztiak egileek eraman beharko dituzte.

Erabiliko diren euskarriak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean zigilatuko dira lehiaketa egunean, 9.00etatik 10.00etara. Euskarriak aurretik prestatuta eraman ahal izango dira, baina ez da onartuko inolako marrazki edo marra aztarnarik duenik. Lanak toki berean aurkeztu beharko dira, lehiaketa egunean bertan, 13.00etatik 13.30era.

Antolatzaileek izendatutako epaimahai gaitu batek aukeratuko ditu lanik onenak. Epaimahaiak 14.30ean emango du ezagutzera bere erabakia.

Sari banaketa ekitaldia

Sariak ordu horretan banatuko dira. Hiru sari banatuko dira: irabazleak 600 eta diploma jasoko ditu, bigarrenak 400 euro eta diploma eta herriko lanik onenaren egileak 250 euro eta diploma. 16 urtetik beherakoen artean bi material lote zozkatuko dira.