Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak ekainaren 23an, San Juan bezperako sua pizteko ohorea izango du. Azkoitiko Udalak hartu duen erabakiaren arrazioa argi dago. Bizkargik 40 urte bete ditu eta Udalak publikoki aitortza egin nahi dio urte luze hauetan herriari eginiko ekarpenagatik, bai musika formakuntzan, eta baita herriko festa eta kultur aktibitateen dinamizazioan ere. “Pozgarria da San Juan bezperan Musika Eskola protagonista izango dela jakitea. Omenaldiak indarrak ematen dizkigu eta motibatu egiten gaitu musikari zaletuen eta profesionalen harrobia eraikitzen eta herriari musika jartzen jarraitzeko. Eskertza adierazpen bat da Udalaren eta herriaren aldetik, eta aldi berean, gu ere, eskola gisa, oso eskertuak gaude ematen zaigun aukeragatik”, azaldu zuen Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria den Marijose Arregik.

Asmo handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, Azkoitian balio akademikoa izango zuen musika eskola bat martxan jartzea lan eta ahalegin handiaren emai- tza izan da Donostiako Kontserbatorioak 1979an musika ikasketak deszentralizatzea erabakitzea izan zen zen ibilibidearen oinarrietako bat. Egoera berri honi aurre egiteko, Azkoitian irakasleak eta gurasoak bildu, batzorde bat osatu, eta udaletxean proiektu bat aurkezteko gaitasuna erakutsi zuten. Hura izan zen lehen urratsa.

Egoitza aldaketak

Eskola abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak behin betiko baimena 1982-83 ikasturtean eman zieten, eta halaxe, ateak irekitzea lortu zuten Erruki-Etxe bezala ezagutzen zen eraikinean. 1985 eta 2015 artean, Gaztanenea Jauregian egon zen eskola, eta 2015etik Elkargunean dago kokatuta.