Pasai Donibaneko Bixi Bixi elkarteak Gora Herriak: Euskal Herria harrera herria ekimenaren edizio berri bat antolatu du. Migrazioa hizketagai nagusia duen ziklo hau atzo hasi zen eta ekainaren 17ra arte luzatuko da.

Bihar, Senegal: Herri baten kronika migratua izenburupean, Kultur Aterpean 19.30ean, solasaldia izango da Matar Ndiaye Seck, Donibaneko lagunaren eskutik, eta Jeanne Rolande Dakougnarekin. Ondoren, 21.00etan, kantaldia hasiko da Jack Diatta & Kaylf10, senegaldar musikariekin.

Datorren asteartean, komunikabideek migrazioaren inguruko informazioa nola ematen duten hausnartuko dute.

Ekainaren 7an Tetuan filma ikusteko aukera egongo da.

Hurrengo egunean, Bidasoara iristen diren migratzaileen testigantzak entzuteko aukera egongo da eta arazoaren hausnarketa egingo da. Amaitzerakoan afaria eta lagunarteko solasaldia izango dira.

Jardunaldien kontzertu nagusia hilaren 10ean izango da eta sarrerak salgai daude Berezi okindegian eta 667 722 144 telefonoan.

Egitarau osoa, Pasaiako Udalaren webgunean ikus daiteke.