Bihartik igandera arte Urnietako Gazte Festak ospatuko dira. Astebeteko atzerapena izan da hauteskundeengatik. Jai Batzordeak jardueraz beteriko programa bat antolatu du egun horietarako herriko elkarteek buruturiko lan bikainari esker. Ekintzak oso anitzak izango dira, eta adin tarte guztiei bideratuta egongo dira.

Honenbestez, bihar Jai Batzordeko ordezkaritza batek jaurtiko du jaiei hasiera emango dien txupinazoa 19.30ean, udaletxeko balkoitik. Dena den, aurretik, eguna girotzen hasteko hainbat ekintza izango dira. Gymkana, bestalde, bertan behera geratu da.

Gaua berriz, Oihan Vega DJak girotuko du San Joan plazan, eta, halaber, Poxta Zaharrek antolatuta 10etan Makulu eta Txopet taldeak en-tzuteko aukera izango da Jakutegi plazan.

Larunbat goizean, Txanbolin bandak diana jo ostean, 11.00etatik aurrera, XVII. Urnieta Dantzan jaialdia ospatuko da. Eguerdian, sagardoa dastatzeko aukera eskainiko da San Joan plazan.

Igandean txikientzako ekojolasen tailerra eta puzgarriak 11.00etan. Ordu berean Oka jolas erraldoia, Habitantes de Innsmouthek antolatuta, eta ordu erdi beranduago aldiz, ibilgailu zaharren lasterketa hasiko da. Eguerdian Txanbolinek kontzertua eskainiko du San Joan plazan. Amaitzeko, disko festa izango da.

Gazte Festetako ospakizunen eraginez, errepide mozketak izango dira Idiazabal kalean larunbateko 10.00etatik igandeko 15.00ak arte.

Mozketak irauten duen bitartean autobus geltoki bakarra izango da Denda Berri Jubilatuen egoitza aurreko biribilgunean.

Programa udal webgunetik edo APPtik deskargatu daiteke.