Labegaraieta kiroldegiak hockey lineako infantil misto kategoriako Espainiako txapelketa hartuko du bihartik igandera arte. Zortzi talde arituko dira nor baino nor gehiago, “horietatik zazpi Espainiako indartsuenetarikoak izango dira”, aurreratu zuen aurkezpenean Bergarako Burdinola Irristaketa Klubaren presidente den Agustin Oyangurenek. Zortzigarrena eskualdeko jokalariez osatutako Burdinola taldea da.

Oyangurenen esanetan, torneoak “hockeya debagoiendarren artean ezagutzera emateko” balioko du, eta, aldi berean, kirolean “emakumeen papera” aldarrikatu nahi da.

Bi multzotan banatuko dira taldeak; baikoitzean lau onenek final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dituzte. Burdinola lehenengoan dago, Castellongo CPC Vila-Real, Madrilgo Tres Cantos PC, eta Valentziako CP Alas Sagunto taldeekin batera. Bigarren multzoan, aldiz, CP Castellbisbal, CPL Valladolid, Burgoseko CHL Aranda de Duero eta Lugoko Lostregos Lucus taldeetako jokalariek neurtuko dituzte euren indarrak.

Guztira 18 partida lehiatuko dira, bihartik hasita, 9.00etan, igandeko finalera arte, 12.45ean.